2024-04-23
HomeEkintza SindikalaBabestu egin dugu oraindik aitortua ez zuten Osasunbideko osasun langileentzako Lanbide Karreraren...

Babestu egin dugu oraindik aitortua ez zuten Osasunbideko osasun langileentzako Lanbide Karreraren ezartzea, baina osasun arlokoak ez diren langileei zabaltzea eskatzen dugu

Gaur eguerdian Iruñean egin den Osasunbideko mahai sektorialean, LAB sindikatuko kideok aldeko botoa eman diogu C eta D mailetako osasun langileentzako Lanbide Karreraren lege proiektuari. Lege proiektu hau LABek bere garaian Osasun Departamentuarekin lortu zuen akordioaren gauzatzea da, eta neurri garrantzitsua da horren onura jasoko duten 3.000 pertsona baino gehiagorendako. Hala ere, bidegabetzat jotzen dugu osasun arlokoak ez diren langileak kanpoan gelditu izana; beraz, borrokan jarraituko du Osasunbideko langile guzti-guztien lan baldintzak erabat duindu arte.

Gaur lorturikoa zerbait historikoa da, mugarria Osasunbidean, profesional horien lana aitortzen baitu eta osasun publikoaren kalitatean laguntzen baitu, zerbitzuen helburuetan prestakuntza eta parte-hartze erreala bermatuz. Neurriak hiru mila profesional sanitariori baino gehiagori eginen die mesede, eta horrek eginiko lanarekin harro sentiarazten gaitu. Baina, aldi berean, indar handiagoa ematen digu osasun arlokoak ez diren langile guztientzako lanbide karrerako proiektu baten aldeko borrokan jarraitzeko, modu bidegabean lehen akordio honetatik kanpo gelditu baitira; Osasunbideko 2.000 langile inguru dira horiek, gainontzeko langileekin batera eskuz esku lan egiten dutenak.

Diseinuari dagokionez, lanbide karrera desberdina lortzeak aukera ematen die osasun arloko langile guztiei beren lanbide-konpetentzietan garatzeko; karrera profesional horrek, lehendik dauden fakultatiboen eta diplomatuen karrerek nabarmen baldintzaturik egon arren, funtsezko hobekuntzak dakartza, eta hobekuntza horiek Espainiako Estatuko onenen artean kokatzen dute Osasunbidekoa, zerbitzuen kalitatea hobetzeko baldintzei eta proiekzioari dagokienez.

Hilabeteetako lan, analisi eta negoziazioaren ondoren, LABen ez dugu zalantzarik karrera profesionalaren legea gauzatuko dela eta Funtzio Publikoaren eta Nafarroako Gobernuaren oniritzia izanen duela. Duela urtebete, bertze batzuei ezinezkoa iruditzen zitzaien bidea irekitzeko gai izan zen LAB eta, mobilizazioaren eta langile guztien inplikazioaren bidez, bide hori aurrera eramateko gai ere izan ginen. LABen badakigu zein diren gure proiektua gauzatzeko tresnak eta modua, eta ziur gaude horrelako neurriak direla foru administrazioa osatzen duten gainontzeko langileen karrera profesionalaren garapenaren hasiera.

Akordioa lortzen lagundu duten pertsona guztiak zoriontzeko unea da oraingoa, aurrera begiratzekoa eta hasitako bidean aurrera egitekoa, aintzatespen horretatik kanpo gelditu diren Osasunbideko langileak inoiz ahaztu gabe. LABez gain, UGT, USAE eta AFAPNA sindikatuek ere sostengua eman diote gaur lanbide karrerako lege proiektuari.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzak ez du Euskara Plana betetzen eta iluntasunez jokatzen du konpromisorik eza ezkutatzeko

Osakidetzak urteak daramatza bere pasibotasunarekin EAEko osasun sistema publikoa benetan euskalduntzea eragozten. Propaganda engainagarriaz harago, eta bertako langileek beren zereginak euskaraz egin ahal izateko euskalduntze prozesua eragozteaz gain, ez du bermatzen erabiltzaile euskaldunek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea.

Patronalak negoziazioa bideratu eta grafikagintza sektorean grebak saihesteko atea itxi du

Patronalaren jarrera guztiz immobilistarekin topo egin dugu LAB-ELA-CCOO-UGT sindikatuok sektoreko hitzarmenaren negoziazioaren hamahirugarren bileran.

Desgaitasunaren itunpeko sektorea Nafarroan: atzerapausorik ez gure lan eskubideetan

Nafarroako Gobernuarekin itundutako desgaitasuna duten pertsonen arretarako zentroetako langileok mobilizatu egiten gara VI. sektoreko hitzarmenaren negoziazioaren egoera publikoki salatzeko.