2024-04-18
HomeEkintza SindikalaHaurreskoletan lan baldintzak hobetuko dituen akordioa sinatu dugu

Haurreskoletan lan baldintzak hobetuko dituen akordioa sinatu dugu

Akordioa indarrean dago jada, eta ekoizpenagatik kontratuen luzapena, lanpostuen zerrenda handitzeko prozedura eta adinagatiko murrizketaren garapena dakartza berekin.


LABek Haurreskolak Partzuergoko mahai negoziatzailean Ekoizpenagatiko kontratuen iraupena luzatzea eta hezitzaileen adinagatiko murrizketei dagozkien akordioak sinatu ditu, ekainean LAB eta Hezkuntza Sailaren artean sinatutako akordio laboralaren edukien garapena mahaira ekarriz. Bi akordio hauek ez diote kaltetzen Lan Hitzarmen osoaren negoziazioari eta gainera jada indarrean daude. Izapidetzea egingo da Lan Hitzarmenean txertatzeko.

Lanpostuak egonkortzeko aurrerapausua

Azken lan erreformak erabat mugatu ditu behin behineko kontratuak. Bertan jasotzen diren neurrien artean, ekoizpenagatiko kontratuen iraupena sei hilabetera mugatzea jasotzen da. Legeak, ordea, aukera ematen du mahai negoziatzaileetan adostuz gero, kontratu mota hauen iraupena urtebetera arte luzatzeko. Erreforma hau 2022az geroztik dago indarrean. Indarrean jarri zenean, LABek argi zuen, lehendabizi, Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileen lanpostuen zerrendan hutsik zeuden lanpostuak Lan Eskaintza Publikora arteko kontratuekin bete behar zituztela, sei hilabete baino gehiagoko beharrak estrukturalak zirela ulertuta. Bestetik, jakina da jaiotza tasak beheranzko joera duela eta zentzu honetan plantila mantendu eta egonkortzeko, etorkizunera begira, neurri zehatzak eskatzen zituen sindikatuak.

2023-2024 ikasturtetik, LABek beste eragile batzuekin batera urteetan egindako borrokari esker, doakotasuna ezarri da Haurreskolak Partzuergoan. Honek izugarrizko gorakada ekarri du matrikulazioan eta, ondorioz, plantila handitu da beharrei aurre egiteko. Izan ere, Haurreskoletan matrikulatutako haur kopurua hirukoiztu da. Honek Lanpostuen Zerrendan zeuden lanpostu huts guztiak betetzea ekarri du. Lanpostuen Zerrendan lanpostu hutsik egon ezean, ezin dira bakante berriak eskaini. Horregatik, aurten produkzioagatikako kontratuak egin behar izan dituzte azarotik, nahiz eta hauek sei hilabeteko gehienezko izaupena izan.

Azaroaren hasieran bi arazo handi zeuden, beraz. Alde batetik, hurrengo urteetan sor zitezkeen behar estrukturalei aurre egiteko Lanpostuen Zerrenda handitzeko administrazioak proposatutako prozedura bat adostea, eta bestetik, produkzioagatiko kontratuak apirilaren amaieran bukatuz gero, haurreskolak behar bezala hornitzeko ezintasuna, kontratu hauek ezingo zirelako luzatu.

LABek ezin zuen luzapena bere horretan onartu, ez zuelako aukerarik emango etorkizuneko beharrak betetzeko eta, are gutxiago, lanpostuak egonkortzeko. Nahi eta nahi ez, Lanpostuen Zerrenda handitzeko neurriak hartu behar ziren eta behin behin behinekotasuna %5etik behera kokatzu, arestian aipaturiko akordio laboralean jaso bezala.

Lan handia eta hainbat proposamen egin eta gero akordioa lortu du LABek, eta jadanik ekoizpenagatiko kontratuen iraupena 11 hilabetera arte luzatu daiteke, hauen bukaera data atxikitutako Haurreskolako azken lan eguna izango delarik. Horrez gain, eta lortutako akordioari esker, Haurreskola batean urtarrilean ekoizpenagatiko kontratua eginda badago eta hurrengo urteko urtarrilean beste bat egiten bada (Haurreskola berean), lanpostu hau estrukturala bihurtu, lanpostuen zerrendan txertatu eta Lan Eskaintza Publikora arteko kontratu gisa hurrengo irailean eskainiko da (zenbaketa hau 2024ko urtarriletik egingo da). Aipatu bezala, akordio honek jasotzen dituen neurriak indarrean daude eta, ondorioz, indarrean dauden lan metaketa kontratuak luzatuko dira.

60 urtetik gorako hezitzaileen murrizketak

Lan Hitzarmeneko 52. artikulua aldatzen duen akordioa lortu du LABek. Lan Hitzarmenaren negoziazioan bada sindikatuaren lehentasuna gazteberritzean aurrera pausuak ematea, eta ildo honetan etengabe ekarpenak egin ditu. Erretiro adina handitu eta erretiro partzialerako baldintzak gogortzen diren honetan, ezinbestekoa da lan eremuan hausnartu eta neurriak hartzea.

Hezitzaileen kolektiboan egiten den lan fisikoa eta honek urteen eraginez lan osasunean izan ditzakeen ondorioak kontuan hartuz, aurrera pausu bat eman du sindikatuak, eta egun 60 urtetik gorakoen arreta zuzeneko orduen murrizketa mantentzeaz gain, 63 urtetik gorakoentzat jardunaren hereneko murrizketa sinatu du, soldatan eta kotizazioan eragin gabe. Gainera, langileak nahi izanez gero, hau metatua hartu ahal izango du eta osorik gozatu dagozkion egunak ikasturte bukaera bakoitzean. Errelebo kontratua hartzeko baldintzak betetzen badira, indarrean jartzen den egunean bertan behera geratuko da.

Errelebo kontratua hartzerik ez duten hezitzaileek (baldintza guztiak betetzen ez dituztelako) jubilatu arte mantenduko dute murrizketa.

LAB sindikatuak prestutasuna adierazi du beti akordioak lortzeko, eta ildo honetan proposamen eraikitzaileak eta ekarpenak egin ditu une-oro. Orain, Lan Hitzarmenean, plantilak esleitzeko irizpideetan eta ordezkabidean jarriko du indar guztia.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Salatu dugu 2023an billabesetan eginiko aparteko orduek 16 lanpostu ezabatu zituztela

LABek Iruñerriko hiri garraioan duen atal sindikalak —herritarrek ‘billabesak’ deitzen dituztenak eta egun TCC enpresak kudeatzen duena— ohar batean azaltdu eta salatu du 2023an eginiko aparteko eta osagarrizko orduen batura 27.608 ordukoa izan zela; kopuru eskandalagarria guztiz, lanaldi osoko 16 lanpostu ezabatzen baititu, eta hori lanaren bidezko banaketaren aurkakoa da erabat.
00:02:29

Amazon eta Alpha North Logistics enpresekin borrokan

Amazon enpresak Trapagaranen duen lan zentroan dauden langileek beste greba ziklo bat hasi dute lan-baldintzak duintzeko. Urtebetetik gora daramate enpresarekin prekarietate gordinetik ateratzeko Hitzarmena negoziatu nahian. Baina multinazionalak jarrera entzungorra izaten jarraitzen du eta negoziazio mahaia hasieratik blokeatu du. Aldarrikapenen artean, Amazonek bere salgaien garraiorako dauzkan enpresa azpikontratatutakoen langileen lan-baldintzak egonkortzea eta enplegua bermatzea dago.

Politika publikoak eraldatu eta hemen erabakitzeko aldarria atera dugu kalera

Euskal Herriko zerbitzu publikoen egoera onartezina dela eta, Bilbon mobilizatu gara gaur, azken hilabeteotan eginiko grebei eta borrokari segida emanez.