2024-04-25
HomeEkintza SindikalaLan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.

Munduan milaka langile hiltzen dira egunero, bai istripuz eta baita laneko gaitzen eraginez ere. Euskal Herria ez da salbuespena, eta gurean urtero errepikatzen dira datu beldurgarriak eta Nafarroa da, adibidez, Espainiako Estatuan istripu tasa altuena duen bigarren herrialdea, Baleareen atzetik.

Euskal Herrian azken urteetan etengabe errepikatu da patroi bera istripuetan: milaka lan istripu arin zein larri aitortzen dituzte datu ofizialek, goranzko joera batekin gainera. Heriotza kopuruan ere ez dago etenik, eta 70 hildakoen muga gertu dugu urteak joan eta urteak etorri.

Istripuen datu ezkutaezin horiek sistemaren beraren iruzurra agerian uzten dute; izan ere, lehen instantzian mutualitateen esku dagoen laneko gaitzen aitortzea guztiz testimoniala da. Adibide gisara, urtero, batez beste, ez da dozena bat laneko minbizi aitortzen.

Milaka lan istripu (zehazki, 2023an 100.000tik gora) aitortzen ditu administrazioak, prebentzio sistemaren porrotaren erakusle. Aitortuak dira ezin direlako ezkutatu. Aldiz, laneko gaitzak ez ditu aitortzen, eta, sistematikoki, gehiengo zabala Osasunbidera eta Osakidetzara bideratuak dira. Sistemak berak laneko gaitz asko eragiten ditu, eta, era berean, istripuak ere eragiten ditu. Aldiz, mutualitateen bidez, hala aitortuak izan ez daitezen lortzen dute. Horra hor beren amarrua.

Aurten ere datu beldurgarriak gailentzen ari dira: Euskal Herri osoa aintzat hartuta, 2024an dagoeneko 21 hildako daramatzagu soilik lan istripuetan.

Prebentzio sistemak porrot egin du patronalak araudia bete gabe 30 urte daramatzalako. Prebentzio araudia da gutxien betetzen den araudia. Hori hala izan dadin gakoa da administrazioak eta gobernuek, patronalarekiko erakusten duten konplizitatea eta bitartekorik ez jartzea arauak bete daitezen bermatzeko. Horrela soilik uler dezakegu EAEn 50 inspektore baino ez egotea eta Nafarroan 12 besterik ez

Aldiz, Nafarroako eta EAEko gobernuek NOPLOI eta Osalan bezalako egiturei eskaintzen diete lan osasunaren inplantazioaren ardura, zeintzuk, gogora dezagun, aholkularitza entitateak baitira. Horrela bermatzen dute patronalaren inpunitatea, soilik aholkatuaz, isunak jartzea ekidinez.

EAEn berriki hauteskundeak izan diren honetan, Urkullu jaunari agur esan diogu. 2012ko abenduan kargua hartu zuenetik 444 langile hil dira istripuz. Legegintzaldi berriari begira, eremu honetan ere, aldaketa beharrezkoa da. Ikuskari kopurua handitu eta ikuskaritzak areagotu behar dira. Legea betetzen ez duten enpresei isunak ezarri behar zaizkie. Arriskuak biderkatzen dituen lan baldintzen prekarietateari aurre egin behar zaio. Prebentzio legea betetzen ez duen Patronalari ardurak exijitu behar zaizkio.

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT Nafarroa sindikatuok osatzen dugun frontetik borrokan jarraituko dugu lan osasuna berma dadin, behingoz patronalak dagokiona bete dezan eta etxera bizirik eta osasuntsu itzultzeko eskubidea dugulako.

Gaur, hegoaldeko lau hiriburuetan mobilizazioak eta ekintzak egin ditugu:

  • Iruñean: Laneko mugikortasun istripuen inguruan
  • Donostian: Sektore feminizatuek eta zaintza lanetan diharduten langileek bereziki pairatzen dituzten arrisku psikosozialen inguruan, erakunde publikoek lan horiek pribatizatzeko eta prekarizatzeko hartutako erabakiaren ondorioz.
  • Bilbon: Mutualitateek egiten duten iruzur erraldoia salatzeko, Mutualia jopuntuan jarriz
  • Gasteiz: Altueretako erorketetan patronalak duen ardura agerian uzteko

Horrela, etengabe, ezaren gudaz baietza sortuz, patronalak aurrean izango gaitu eta langileon babesleku izaten jarraituko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.

Pepsico Etxabarrin ituna berritzeko aurreakordioa #LortuDugu

Arabako lan zentroan 180 pertsona inguruk lan egiten dute, eta KPIaren araberako igoerak izango dituzte.

Denbora agortzen ari da eta Eusko Jaurlaritzak ez du konpromisorik hartzen

Datorren apirilaren 26an, ezustekorik ezean, Stellantis multinazionalak Mecaner enpresaren itxiera aurrera eramateko aurkeztu duen enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultaldia amaituko da. Kontsulta-aldi honetan izandako bileretan, Enpresa Batzordearen gehiengoak argudiatu du multinazionalak hartutako erabakia ez dela arrazoi ekonomikoengatik, ez eta ekoizpen- edo antolaketa-arrazoiengatik ere, baizik eta erabaki estrategiko batengatik, eta produkzio-alternatibak planteatzen zituen trantsizio ekosozialeko plan bat jarri du mahai gainean.