LAB SINDIKATUA

2018/08/16 :: 19:23

Azken Eguneraketa:2018/08/14 :: 16:00

HIZKUNTZA
Hemen zaude: ARLOAK PENTSIODUNAK Pentsioak Garbiñe Aranburu: "Estatus berriak erabateko ahalmena jaso behar du babes sozialari dagokionez"

Garbiñe Aranburu: "Estatus berriak erabateko ahalmena jaso behar du babes sozialari dagokionez"

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea



LAB sindikatuak PPren gobernuak pentsioen kalkulurako proposatu dituen azken neurrien inguruko balorazioa egin du gaur, Bilbon, komunikabideen aurrean. Sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetak eta pentsionisten arloko ordezkari Carlos Ruizek hartu dute hitza. "Babes sozialerako sistema propio bat eraikitzea da alternatiba", berretsi du LABeko idazkari nagusiak.

Garbiñe Aranbururen esanetan, pentsioei buruz azken urteetan egindako erreforma eta erabakiak norabide berean egin dituzte: pentsioen sistema publikoa suntsitzeko bidean. "Pentsioen sistema publikoaren eraisteak ez du sostengaezina den arazo batekin zerikusirik, erabaki politiko bat da. Sostengaezintasunak ez du zerikusirik bilakaera demografikoarekin. Ezartzen dituzten politika neoliberalek egiten dute bideraezin pentsioen sistema; pribatua den guztiaren alde egitea, publikoa denaren kalterako, pentsioen fondo pribatuak loditzeko", adierazi du.

Sistema publikoaren suntsiketa saihestu daitekeela nabarmendu du, eta beharrezkoa dela norabide horretan lan egitea. "Babes sozialerako sistema propio bat eraikitzea da alternatiba, hainbatetan exijitu dugun bezala", adierazi du.

Kalitatezko enpleguaren eta soldatak hobetzearen aldeko apustuak neurri nagusia behar duela izan aldarrikatu du: "Honek pentsio duin bat bermatuko lieke lanean ari direnei, eta kotizazioak handituko lituzte, pentsio duinagoak ahalbidetuz. Finantzazioaz ere hitz egin behar da, enpresek kotizazio edo fiskalitatearen bidetik egiten dituzten ekarpenei buruz. Margena badago".

Borondate falta dagoela salatu du, "gure pentsioak defendatzeko ekimen falta. Pentsioak babes sozialaren arlo oso garrantzitsuak dira. Ez dugu pentsioak kudeatzeko lege ahalmenik, ezta eskuduntzarik ere. Autonomia Estatutuan jasota dago Gizarte-segurantza kudeatzeko eskubidea; Nafarroako Amejoramenduak ez du horixe ere jasotzen".

Hain zuzen ere, Madrilek erabakitakoa kudeatzera prest ez gaudela ohartarazi du. "Ez dugu pentsioen sistema publikoaren ahultzea kudeatu nahi, ez dugu pentsionisten pobretzea kudeatu nahi", azpimarratu du Garbiñe Aranburuk.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, "estatutua adostu zutenetik 40 urte igaro dira jada, eta bete gabe jarraitzen du. 40 urte geroago, iruditzen zaigu ezin dela eskean ibili, Eusko Jaurlaritza eskuduntzekin egiten ari den bezala. Gainera, Espainiako Gobernuak oso garbi utzi du Autonomia Estatutua betetzeko inongo asmorik ez duela. Berme guztiak eskaintzen dituen aldebikotasun bat baino, inposizio bat da hau".

Pentsioei buruz Euskal Herrian erabaki nahi dugula esan du Garbiñe Aranburuk. "Estatus berriak erabateko ahalmena jaso behar du babes sozialari dagokionez. Gizarte-segurantza eta babes sozialeko sistema publiko bat eratzeko aukeraz ari gara hitz egiten, partaidetza soziala oinarri".
 


 
 

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.