LAB SINDIKATUA

2019/01/18 :: 20:54

Azken Eguneraketa:2019/01/18 :: 9:35

HIZKUNTZA
Hemen zaude: ARLOAK LAN OSASUNA Lan istripuak Sei hilabetez eten dugu gure parte hartzea Nafarroako Lan Osasuneko Kontseiluan, patronala, UGT eta CCOOen onurarako proiektuak nahierara berresten ari direlako

Sei hilabetez eten dugu gure parte hartzea Nafarroako Lan Osasuneko Kontseiluan, patronala, UGT eta CCOOen onurarako proiektuak nahierara berresten ari direlako

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea

Irailean, Iruñean, lan heriotzak salatzeko egindako manifestazioa.Irailean, Iruñean, lan heriotzak salatzeko egindako manifestazioa.

Nafarroako erakundeetan egondako aldaketaren ostean, hainbat eragilek oinarrizko lehentasun batean egin genuen bat; hots, erregimenaren politika klientelarrarekin amaitzeko beharrean arlo guztietan, lan esparruan ere. LABek Nafarroako Enplegu Zerbitzuan egindako esku-hartzeari esker, bukatutzat eman dira hitzarmen nominatiboak CEN, UGT eta CCOOekin, eta formakuntza fondoen kudeaketa aldatu da aurreko sistemara itzultzeko edozein aukera saihesteko.

Hala ere, Nafarroako Gobernuak antzeko prozedura bat sustatzen jarraitzen du, non patronalak, UGTk eta CCOOk mutuen soberakinak eskuratzen dituzten. Diru publiko kopuru handi bati buruz ari gara, 16 milioi euro baino gehiago Estatu mailan, eragile hauen eskuetara zuzenean igarotzen direnak. Hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua baliatzen du zenbait proiektu berresteko; Errioxako Empresarien Federazioa, CEN, Nafarroako CCOO, Errioxako CCOO, Nafarroako UGT eta UGT Euskadi erakundeek aurkeztutakoak, hain justu.

Mutuen soberanikak kudeatzeko sistema zalantzan jarri du, Estatu mailan, Kontu Auzitegiak berak; banaketa irizpideen anbiguetateagatik eta fondoak nora jo behar duten erabakitzen duten horiek direlako fondoak eurak jasotzen dituztenak. Gauza bera gertatzen zen Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren hitzarmen nominatiboekin. Gauzak honela, galdera bat egin behar da, ezinbestean: zergatik Laparra presidenteordeak Nafarroako Enplegu Zerbitzuan bertan behera utzitako praktika bera bere horretan mantentzen du Ayerdi presidenteordeak, Nafarroako Lan Osasuneko Kontseiluan?

Nafarroako Lan Osasuneko Zerbitzuak prebentzioko delegatuen formakuntza hobetzeko ahaleginak ahalegin, enpresetan prebentziorako neurriak ikertzeko talde bat sortzeko asmoak asmo, Ayerdiren erabaki politiko onartezin bat dago honen atzean, CEN, UGT eta CCOO erakundeek, Nafarroako Lan Osasuneko Kontseiluaren bitartez, diru publikoa eskuratzen jarrai dezaten. Honekin pozik ez, eta eragile hauek Nafarroako Gobernuari presioa sartzen jarraitzen dute diru gehiago eskuratzeko, “Lan Osasuneko lurraldeko delegatuaren” figuraren bitartez; euren egiturak loditzeko historikoki erabilitako figuraren bitartez, alegia. Eta, gainera, UGT eta CCOOek diote, argudio gisa, lan istripuen gorakada figura horren desagertzearen ondorioz gertatzen ari dela. Ondo baino hobeto dakigu lan istripuek gora egin dutela patronalak Lan Erreforma baliatzen duelako langileak gero eta gehiago prekarizatzeko; UGT eta CCOO sindikatuek “elkarrizketa soziala” izeneko gunean mahaikide duten patronalaren ondorioz, alegia.

LABek askotan eskatu dio Nafarroako Gobernuari utz diezaiola patronala, UGT eta CCOOen proiektuak berresteari, eta defenda dezala Nafarroaren ahalmena mutuen soberakinak bideratzeko gure lurraldean, Lan Osasunean eskumenak baititu. LABen iritziz, soberakin hauek prebentziorako sistema eraginkor bat egituratzeko zuzendu beharko lirateke, lan istripuak eta lan heriotzak modu kezkagarrian gora egiten ari direla kontutan hartuta: aurten, Nafarroan, dagoeneko 20 pertsona hil dira lanean edo lanerako bidean. Hala ere, Nafarroako Gobernuak muzin egin dio eskaera honi.

Egoera honen aurrean, LABek erabaki du bere parte hartzea etetea Nafarroako Lan Osasuneko Kontseiluan, 6 hilabetez. Epe horretan, LABek mobilizazioak egingo ditu Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua biltzen den bakoitzean, proiektuak nahierara berresten ari direla salatzeko eta praktika horrekin amai dezaten eskatzeko. Era berean, LABek elkarrizketa erronda bat abiatuko du Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau indar politikoekin. Erregimeneko garaian gauzatu ohi ziren praktika hauekin bukatzeko exijituko die sindikatuak.

 


 
 

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.