LAB SINDIKATUA

2019/01/18 :: 20:38

Azken Eguneraketa:2019/01/18 :: 9:35

HIZKUNTZA
Hemen zaude: ARLOAK INGURUMENA Azpiegiturak Mafia, mehatxua eta mendekua, alferrikako azpiegitura erraldoien ondorioetako batzuk

Mafia, mehatxua eta mendekua, alferrikako azpiegitura erraldoien ondorioetako batzuk

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea



Pasa den ostiralean, abenduaren 7an, LABek mintegi bat antolatu zuen Durangon alferrikako azpiegitura erraldoien aurka. Abenduaren 8an, hain zuzen ere, azpiegitura horien kontrako nazioarteko eguna da. Aipatutako mintegian, LABeko kideez gain, mugimendu ekologistako kideak ere izan genituen gonbidatu gisa.

Lehenik eta behin, azpiegitura horien identifikazio lan bat egin genuen. Azkeneko urteetan ugaritzen joan diren azpiegiturak dira, koste sozial, ekonomiko eta ekologiko handiak eragin dituztenak. Euskal Herriko herrialde guztietan ditugu azpiegitura horien adibideak eta etorkizunean ere, politika neoliberal eta txikitzaileek aurrera jarraitzen badute, adibide horiek ugaritzen joango dira.

Hego Euskal Herriko 4 azpiegitura izan genituen aztergai, bana herrialde bakoitzeko.

- Ainhoa Intxaurrandietak erraustegiaren inguruan sorturiko interes ekonomiko eta politikoak izan zituen hizpide eta 3 M-tan laburbildu zituen aipaturiko interes horiek: Mafia, Mehatxua eta Mendekua. Berak lehen pertsonan bizi duen egoerak ondo islatzen du errealitate hori.

- Bizkaiatik, Raul Mendez izan genuen gonbidatu gisa, Bilboko Metroko LABeko delegatua; bere kasuan, Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea izan zuen jo-puntuan. Proiektu ofizialaz harago, Barakaldo Naturalak aurkeztutako alternatibak jarri zituen mahai gainean.

- Trenarekin jarraituz, Nafarroatik Sustrai Eraikuntzak AHTaren inguruan hitz egin ziguten eta Bizkaiko kasuan bezala, proiektu ofizialaz gain, beraiek garatu duten Tren Publiko eta Sozialaren alternatibaz mintzatu ziren. Martin Zelaia Sustraiko kidea izan zen hau guztia azaldu zuena.

- Azkenik Arabatik, Clara eta Paulak, Berriztuko kideek, Frackingaren inguruan hitz egiteaz gain, herrialdearen eredu energetikoaren gabeziez ohartarazi ziguten. Ezinbestekoa da, zentzu horretan, jasangarria ez den eredu honekin amaitzea eta bestelako eredu baterantz pausuak ematea.



Argi dago 4 kasu hauek ez direla Euskal Herriko bakarrak. Hala ere, adibide hauen bitartez argi geratu zen proiektu horiek geratzeko indarra izan badugula eta, gainera, alternatibak artikulatzeko eta planteatzeko gaitasuna ere baduela mugimendu soziosindikalak. Bestelako kasuak ere aipatu ziren mintegian zehar, hala nola, Donostialdeko Metroa, Barrongo Urtegia, Gatikako Autopista Elektrikoa eta Nafarroako harrobien egoera.

Amaitzeko, mugimendu soziosindikalaren artikulazioa hobetzeko beharraz hitz egin zen; gainera, proposamen eta mobilizazio bateratuak garatzeko beharra ere agertu zen. Borroka lokal andana existitzen dira, baina sarritan ez dakigu nola bateratu horiek guztiak eta eraginkorragoak izan. Mobilizazioaz gain, mugimenduak perfil teknikoa duen jendearen beharra ere azpimarratu zen. Azken finean, azpiegitura hauek gelditu eta alternatibak plazaratu nahi baditugu, ezinbestekoa izango da mobilizazioa eta lan tekniko hori uztartzea.

LABek konpromisoa hartu zuen, orain arte bezala, mugimendu soziosindikal horren parte izateko eta indartzeko. Gainera, kurtso honetan zehar, LABek esfortzu berezia egingo du garraioen inguruko azpiegituren inguruko dinamikak hauspotzen eta proposamenak mahai gainean jartzen.

 


 
 
 

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.