LAB SINDIKATUA

2018/12/10 :: 11:26

Azken Eguneraketa:2018/12/10 :: 8:53

HIZKUNTZA
Hemen zaude: ARLOAK EMAKUMEAK Berdintasuna Eusko Jaurlaritzak eta Emakundek soldata arrakala txikitzeko onartutako Estrategia eta Plan Operatiboa arduragabea dela salatzen dugu

Eusko Jaurlaritzak eta Emakundek soldata arrakala txikitzeko onartutako Estrategia eta Plan Operatiboa arduragabea dela salatzen dugu

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea
Onartutako plana defendaezina da, edozein neurri hartuta ere ez da guztiz aldatuko, sistema kapitalistan ez baitago emakumeon egoera aldatzeko edo hobetzeko neurri posiblerik, sistema bera ikutu gabe. Lan munduan emakumeok pairatzen ditugun diskriminazioak ez dira akatsak, baizik eta faktore estrukturalen ondorioak. Beraz, martxan jarri beharreko neurriek erradikalak eta estrukturalak izan beharko lukete. Erantzukizun politiko kontua da, ez borondatezkoa. LABek beste eredu berri baten alde borrokan jarraituko du.

Emakunde eta Eusko Jaurlaritza, aurreko urtean Martxoaren 8ko arrakastaren eta soldata arrakalaren inguruko oihartzunaren ondorioz, erantzun bat ematera behartuak ikusi direla aipatu nahi dugu. LABek urteak daramatza soldata arrakala aztertzen eta salatzen. Baina ez zenbaki huts bat bezala, baizik eta horren atzean ezkutatzen den sistemaren isla garbiaren ondorioa bezala, emakumeon lanak gutxiesten eta mespretxatzen dituena bezala. LABen argi dugu soldata arrakalaren arazoa ez dela lan munduarena, jendartearen antolaketaren ondorio bat baizik. Arazo politiko bat da.

2005. urtean Emakumen eta Gizonen Berdintasunerako legea onartu zen, eta 2006tik aurrera, 250 langiletik gorako enpresetan berdintasun planak egitera behartuak daude. Gaur egun ez dago horren erregistrorik eta enpresa gehienetan ez dago horrelakorik. 2005etik hona, soldata arrakalaren kontrako aurrerapausorik ez da eman eta guzti honek, ondorio batetara garamatza. Berdintasun politikek porrot egin dute.

Atzo, Eusko Jaurlaritzak eta Emakundek, soldata arrakala txikitzeko helburua duen estrategia aurkeztu zuten, 2030. urterako soldata-arrakala txikiena duten Europako bost herrialdeen artean jartzea helburua duena. Planak 4 ardatz ditu: soldata/orduko desparekotasuna murriztea, eguneko lanaldiari buruzko desparekotasuna murriztea, hezkuntza eta gizartea sentsibilizatzea eta enpresak eta sindikatuak sentsibilizatzea.

Soldata-arrakalarekin amaitzeko dena aldatu behar da, eta behartu egin behar dira aldaketak. Planean, ”sustatu” eta “bultzatu” dira gehien erabiltzen diren hitzak. Ez dago behartzen duten neurririk. Beti bezala, instituzioen eta enpresen borondatearen esku gelditzen da.

Planaren 4. ardatzean gainera, sindikatuon eta enpresen sentsibilizazioa bultzatzeko hainbat ekimen aurkezten dituzte, berdintasunerako diagnostikoak eta planak egin ditzagun eta negoziazio kolektiboan eragiteko. Patronala da negoziazio kolektiborako interesik ez duena, patronala da berdintasun planak ordezkarien oniritzirik gabe sinatzen dituena eta betetzen ez dituena. Patronala da otsailean diskriminaziorik ez dagoela esaten zuena eta erantzukizunik ez dutela esaten zutenak.

Guk ez dugu sentsibilizaziorik behar, guk soldata arrakalarekin amaitzeko borrokatzen jarraitu behar dugu. Patronala eta sindikatuak plano berean kokatzeak txantxa dirudi. Sindikatuok sentsibilizatuta gaude jada gaiarekin, geu izan baikara gaia eztabaidaren erdian jarri dugunak. Eta enpresei soldata arrakalarekin bukatzeko neurri eraginkorrak martxan jartzeko exijitu egin behar zaie, behartu egin behar dira horretara. Borondate eta sentsibilizazio gutxiago eta derrigorrezko neurri gehiago behar ditugu.

Soldata arrakala ez da kasualitatez sortzen den zerbait. Bere funtzioa betetzen du, emakumeek lan merkatuaren beharrei erantzuteko erabiltzen da. Zapalkuntza patriarkala kapitalismoaren parte da, eta sexuaren araberako lan banaketa da horren adierazle. Sistema kapitalistak emakumeok zaintza lanak ezeren truke egitera behartzen gaitu sistema berak bizirauteko, eta horregatik, lan merkatuan uzten digun lekua bigarren mailakoa da. Eta plan eta estrategia honek ez du zaintza lanen inguruko planik jasotzen.

Gainera, soldata-arrakalaren gaiak ez die politika orokorrei eragiten. Orain dela bi egun eskas aurkeztu zen Industriarako 4.0 plana eta bertan ez da soldata arrakalarekin bukatzeko planari buruzko aipamenik egiten. Ez dezagun ahaztu industria dela soldata arrakala handiena dagoen sektorea, ez baitira apenas emakumerik kontratatzen... Ez dugu ulertzen hau horrela izanda, industria 4.0 planean soldata-arrakalaren inguruko aipamenik ez jasotzea.
 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.