LAB SINDIKATUA

2018/10/19 :: 4:58

Azken Eguneraketa:2018/10/20 :: 12:48

HIZKUNTZA
Hemen zaude: ARLOAK EMAKUMEAK Berdintasuna "Ez dago gizonik aita izateagatik lana galdu duenik"

"Ez dago gizonik aita izateagatik lana galdu duenik"

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea



Bilbon gaur egindako agerraldiaren helburua Texajax enpresa emakume bat diskriminatzeagatik zigortu duela jakinarazi eta epaiaren inguruko balorazioa egitea izan da. Lantokietan ematen den emakumeen kontrako diskriminazioa salatu eta borrokatzera deitu dugu.

Kasua kokatzeko, oroitu behar dugu Janire Zornotzako Texajax enpresako langilea zela. Amatasun baimena hartu zuen eta lanera bueltatu zenean, enpresaren jabe Juan Carlos Zarandona Esquibelek esan zion beragan konfidantza galdu zuela eta bera kaleratzeko asmoa zuela. Hori dena ama izateko eskubidea aldarrikatzeagatik eta bere lanpostua defendatzeagatik. Gainera, honela justifikatu nahi izan zuen kaleratzea. Bere ordez zegoen langileak, gizon batek, askoz ere asti gehiago izango zuela lanari eskaintzeko, ez baititu lantegiko lana eta seme-alaben zaintza lana uztartu behar.

Hala ere, Janirek ama izateko eskubidea eta bere lanera bueltatzeko aukera praktikara eraman eta bere lanpostura itzuli zen, eta enpresaren erantzuna ondorengoa izan zen: langilea gutxiestea, mobbing-a egitea, lehen egiten zituen funtzioak kenduz eta lan egiten zuen bulegotik botaz, bakarrik zegoen gela batera baztertuz. Helburua, langilea bera izatea lana uzten zuena, etorkizunean enpresaren aurka jar zitzakeen salaketa zein erreklamazioak ekiditeko asmoz.
 honen ondorioz Janirek baja hartu behar izan zuen lantokian egoera jasanezina bilakatu zelako eta salaketa ipintzea erabaki zuen.

Aurreko apirilaren 10ean epaiketa burutu zen eta dagoeneko badu epaia. Janirek irabazi du epaiketa eta Texajax enpresa zigortua izan da. Epaiak, langileak sexuaren araberako diskriminazioa pairatu zuela adierazten du, amatasunaren ondorioz bere oinarrizko eskubidea urratua izan delarik. Hau dela eta, enpresak kalteordaina eman beharko dio langileari kalte moralengatik.

LABek epai hau ospatu nahi du eta bereziki Janirek egindako ibilbidea goraipatu. Ez da bide samurra izan, baina borrokaren bitartez egoera honi aurre egiteko gaitasuna erakutsi dugu eta beste kasu batzutan inolako zigorrik gabe geratzen diren egoera hauen aurrean, aurrera pauso bat ematea lortu dugu.

Janire, eskertuta
Janirek bere lekukotasuna eman du agerraldian: "Lehenik eta behin, eskerrak eman nahiko nizkieke nire eskubideak errespetatuak izan daitezen ekin diodan borrokan bidelagun izan direnei, LAB sindikatuari eta Zornotzako mugimendu feministari. Nik jasandakoaren aurrean ixilik geratu beharrean, aurrera egitera animatzeagatik eta uneoro babesa emateagatik".

Janireren hitzetan, "bakarrik eta isolatuta nahi bagaituzte, argi dugu zein den bidea. Elkartzea, harremanak eta konplizitate sareak jostea eta borrokan egitea. Baitere animatu nahitu nituzke egoera berdinean aurkitzen diren emakumeoi salaketa ipintzera eta egoera hauen aurka borrokatzera, bidea gogorra bada ere, gogorragoa delako oraindik injustizia hauen aurrean ezer egin gabe geratzea".

Mobilizazioa, beharrezkoa
Texajaxen gertatzen ari zen egoera honen aurrean, LABen argi izan genuen lehen momentutik diskriminazio egoera hau kalean salatu beharra genuela, epaitegietatik harago. Horregatik egin genuen kontzentrazioa apirilaren 10ean epaitegietan.

Azken finean, egunero ezkutuan emakume asko euren lanpostuak galtzen ari dira ama izateagatik, baina balizko ondorioak sortzen dieten beldurraren ondorioz, ez dituzte egoera hauek salatzen. Emakume hauei guztiei zapalkuntza hauei aurre egitea posiblea dela eta bide horretan, LAB laguntzeko egongo dela adierazi nahi diegu. "Ez dago gizonik aita izateagatik lana galdu duenik", nabarmendu dugu gaurko agerraldian.

Egindako borrokan Zornotzako Mugimendu Feministak izan duen inplikazioa ere azpimarratu beharra dago, hasierako momentutik Janire babestuz eta Zornotzan “Sinisten dizugu” kanpaina bazter guztietara zabalduz. Horren erakusgarri apirilaren 14an Zornotzako Udaletxeko plazan egin zen mobilizazio jendetsua. Horrela, beste behin erakutsi genuen ezinbestekoak direla sindikalgintza eta mugimendu feministaren arteko aliantzak Patriarkatuari aurre egiteko borrokan.

Hala ere, borroka honek zapore gazi-gozoa utzi digula aitortu behar dugu, Janirek epaiketa irabazi du eta Texajax enpresa zigortua izan da, baina horrek ez dio bere lanpostua bueltatuko. Arrazoia? Lantokian pairatutako jazarpenaren ondorioz, bertan lan egitea ezinezkoa bilakatu zaio.

Hau dela eta, lan ikuskaritzan Texajax enpresaren aurka salaketa ipiniko dugu epaiaren bitartez argi geratu delako enpresak diskriminazioa gauzatu duela, eta beraz, Lan ikuskaritzak dagokion zigorra ipintzea espero dugu.

Azkenik, Lan ikuskaritzari zein instituzio ezberdinei exijitzen diegu egoera hauen aurrean neurri prebentiboak martxan ipintzea, Janireren kasuan bezala, behin kaltea egindakoan lanpostua galtzea dakarrelako. Hortaz, lantokietan emakumeok diskriminatzen gaituzten enpresak detektatu eta zigortzeko beharrezkoak diren ekinbideak martxan ipintzea exijitzen diegu Ikuskaritza eta instituzioei.

 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.