LAB SINDIKATUA

2017/04/26 :: 9:43

Azken Eguneraketa:2017/04/25 :: 12:56

HIZKUNTZA
Hemen zaude: ARLOAK EMAKUMEAK Berdintasuna Ainhoa Etxaide: "Aurrekontu hauekin emakume asko eta asko pobreziara kondenatuko dituzte"

Ainhoa Etxaide: "Aurrekontu hauekin emakume asko eta asko pobreziara kondenatuko dituzte"

E-posta Inprimatu PDF fitxategia
Partekatu albistea

b_345_171_16777215_0___materiala_argazkiak_Arloak_emakumeak_berdintasuna_17_04_18aurrekontuak_aurrekontuakAgerraldia.png

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek eta sindikatuko Emakume Idazkaritzako idazkari Zaloa Ibeasek agerraldia egin dute gaur Donostian, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen hutsuneak salatzeko. Hain zuzen ere, ohartarazi dute 2017rako adostutako aurrekontuekin ez dutela emakumeen egoera aldatuko duen politikarik egingo. "Berdintasun politikak marjinalak dira", kritikatu dute sindikatuko ordezkariek.

LABek txosten bat aurkeztu du gaurko agerraldian, salatutakoa egiaztatzeko. Hona hemen azterketaren emaitza:

SARRERA

EAEko emakumeon bizitzari erreparatzen badiogu, badugu zergatik kezkatu.

Egoera erakusten duten datu batzuk:

-Aktibitate tasa: %51,9. Iturria: PRA, Eustat.
-Langabezian: % 12,2. Iturria: PRA, Eustat
-Langabezian, langabezia prestaziorik gabe: 71.061 (estaldura tasa martxoan %28,5).
-DSBEa jasotzen duten emakumeak: 35.726
-Pertsona bakarreko familia izateagatik DSBE osatzeko prestazioa jasotzen dutenak: 9.168 (gizonak 521)

Jarrai dezagun argazkia osatzen emakumeon bizi kalitateaz hitz egiten duten beste datu batzuekin:

-Biolentzia matxista, 5.000 salaketa 2016an.
-Biolentzia matxistak erahildako emakume bat 2016an.
-Emakumeok egunean gizonak baino 2 ordu gehiago erabiltzen ditugu zaintza lanetarako
-Zaintzarako eszedentzia eta lizentzien eskaeren %95a emakumeek egindakoak dira

Argazki honen atzean herritar gehienok zigortzen gaituen eredu sozioekonomikoa dago, zalantzarik gabe. Baina ez gaitu guztiak berdin zigortzen:

-Emakumeon soldata gizonezkoena baino %33,6 txikiagoa da.
-Prestazio sozialetan %65eko aldea dago.
-Kontratu partzial gehienak (%78,3) emakumeontzat dira.
-Ondorioak ditu horrek: besteak beste, pentsioak %40 txikiagoak dira bataz beste.
-EAEn, 122.566 herritar bizi dira pobrezia egoeran; 64.225 emakume, tartean. Datu hau ahaztu edo ezkutatu egin ohi dute.

Eskubideak erdietsi eta bizi baldintza duinak lortu ditugun emakume asko gaude EAEn, noski. Egoera prekarioan eta bazterketa sozialean bizi direnak gehiago dira, ordea. Derrigorrezkoa da emakume hauen guztien egoerari begiratzea emakumeon egoera irauli nahi badugu.

Aurrekontuak, egoera aldatzeko tresna

Politika publikoen bitartez aberastasunaren banaketa solidarioa eta gutxiengo bizi baldintza duinak guztiontzako bermatzeko tresnak dira aurrekontuak. Beraz, Aurrekontu Legea ezinbesteko tresna bat da emakumeok bizi dugun prekarietateari aurre egiteko eta berdintasun eraginkorra lortzeko.

Adibiderik argiena pobreziaren errealitatean aurrekontuek jokatzen duten (jokatu beharko luketen) papera dugu. Pobrezia arriskuan dauden pertsonak ez dira pobrezia errealean bizi. Pobrezia jasango dute arriskutik ateratzeko bideak eta bitartekoak eskaintzen ez zaizkien neurrian. Aurrekontuetan dago arriskutik ateratzeko aukera.

Azken urteetako joera kontrakoa da, ordea. Benetako pobrezia arriskua baino gehiago handitu egin da. Pobrezia arriskuan dauden milaka emakumeak pobrezian bizitzera kondenatuak daude gaurko joerari buelta ematen ez bazaio, aurrekontuen bidez gauzak aldatzen ez badira.


2017ko aurrekontuak

Jaurlaritzak 11.000 milloi euroko aurrekontua egin du, hauetatik 7.627 milloi izango dira gastu sozialetarako; %69, beraz. Asko dirudi, baina ez gaitezen okertu: 2009an, aurrekontuen %73,9 gastu sozialean inbertitu egin zen. Jaurlaritzaren azterketa guztiek diote egoera soziala hobetu egin dela, baina Jaurlaritzak gastu soziala murriztu egin du.

Azpimarratzekoa da murrizketa hau egiten dela aurrekontuak handitu egiten direnean. Beraz, badago gastua handitzeko aukera. Gainera, egoera soziala aldatzeko erabiltzen ez den dirua ez da aurreztuko, bestelako gauzetara bideratuko da: zor publikoak sortzen dituen interesak ordaintzera, behar eta nahi ez dugun AHTa eraikitzera...

Erreforma Fiskala. Aurrekontuak ez dira bakarrik gastuaren inguruan aztertu behar, sarrerak nondik eta zelan lortzen diren ere. Ikuspegi honetatik egun bizi dugun prekarizazioari, eta bereziki emakumeon bizi baldintzen prekarizazioari aurre egin nahi bazaio, baliabide publikoetatik izan behar du, politika publikoetatik. Beharrezkoa eta premiazkoa da baliabide publikoak eta zerbitzu publikoen garapena bultzatzea, hauek direlako abestastasunaren banaketa duinerako biderik eraginkorrenak.

BERDINTASUN POLITIKAK EAEko 2017 AURREKONTUETAN

Aurrekontuek babes eta dimentsio ekonomikoa ematen diete politika publikoei, kasu honetan berdintasun politika publikoei, emakumeen argazki hau aldatzeko sortu diren politikei:

Bi ondorio nagusi atera daitezke, aurrekontua generoaren arabera aztertuta.

Ez da jasotzen egun emakumeok bizi dugun egoera prekarioari aurre egingo dion politika publiko eraldatzailerik.
Berdintasun politika publikoak marginalak dira aurrekontuaren dimentsio osoa kontutan hartzen bada.

Lau esparru aztertu ditugu esaten dugun hau argi adierazteko. Lehenik eta behin, biolentzia matxistari aurre egiteko proposatzen diren neurriak. Bigarrenik, kontziliazioa eta korrespontsabilitatea bultzatzeko proposatzen diren neurriak. Hirugarrenik, berdintasuna era integral batean lantzeari begira proposatzen diren baliabideak. Eta azkenik, emakumeon lan-prekarietateari aurre egiteko egiten diren proposamenak.


Biolentzia matxistari aurre egiteko proposatzen diren neurriak

Biolentzia matxistari aurre egiteko Jaurlaritzak 11 milioi euro gorde ditu, aurrekontu osoaren %0,1. Horixe da Jaurlaritzarentzat 5.000 salaketa eta emakume baten hilketa ekiditeak duen garrantzia.

Eta aipatutako gastu proposamenean sakonduz gero, biolentziaren prebentziorako 503.000 euro baino ez dira gastatuko, hau da, aurrekontuaren %0,0045.

Kontziliazioa eta korrespontsabilitatea

Jaurlaritzak arlo honetan jendarteari egiten dion proposamena testimoniala dela esan behar dugu. Aurrekontu proposamenean diru laguntza batzuk ematera mugatzen da arlo honetako proposamena: 32.600.000 euro guztira, aurrekontuaren %0,29.

Aipatutako politika hauei dagokionez, nabarmentzekoa da zaintza lanak lan jardunarekin bateragarri egiteko diru laguntzen %95 emakumeok eskatzen ditugula.

Berdintasuna era integral batean

EAEko Berdintasun Legeak jasotzen du derrigorrezkoa dela Gobernuko sailetan eta organismoetan “berdintasun unitateak “ izatea. Ez duena zehazten da zer den berdintasun unitatea, eta Gobernu honek oso interpretazio berezia egin du: gutxieneko baldintza aplikatu du unitateetan. Hau da, pertsona (aditu, langile) bakar bateko berdintasun unitateak sortu ditu. Gutxienekoa!

Berdintasun politikak era integral batean lantzeko ezinbestekoak dira berdintasun arloan adituak diren langileak.

Jaurlaritzan 200 goi-kargu daude gaur egun, 80.000 langile inguruk egiten dute lan eta 26 berdintasun teknikari baino ez daude. Hau da, 26 berdintasun teknikarik eragina izan behar dute 80.000 langilek gauzatzen dituzten politika publikoetan.


Emakumeon lan baldintza prekarioei aurre egiteko neurri bereziak

Ez dugu topatu aurrekontuen proposamenean honetara bideratutako inongo politika zuzenik. Aurkeztu berri den Enplegu Planean ere bilatu dugu.

Ondorioak

Emakumeon lan prekarizazioari benetako irtenbideak bilatzeko eta bizi-baldintzak hobetzeko baino, egun bizi dugun egoerara kondenatzen gaituzte aurrekontu hauek.

Ez dute ez politika integralik ezta politika eraldatzailerik ere proposatzen:

Ez dute eskaintzen bitarteko nahikorik biolentzia matxistaren kontrako borrokan pankartako salaketatik haratago joateko, eta prebentzioan lan testimoniala baino ez dute proposatzen.
Prebentzioaren ardatza hezkuntza dela esan digu Jaurlaritzak behin eta berriro. Erabakiak hartu behar direnean ikusten da diskurtso horren atzean ez dagoela ezer: Ertzaintzaren munizioan 192.000 euro gastatuko dituzte, irakasleak hezkidetzan trebatzeko 130.000 euro inbertituko dituzten bitartean.

Ez dute kontutan hartzen emakumeok bizi dugan lanaren prekarizazioa eta behin-behinekotasuna, eta pobreen artean pobreenak izatera kondenatzen gaituzte.
Ezin da onartu Emakundek 360.000 euro bideratzea udalek berdintasun planak eta genero-indarkeriari buruzko planak egiteko eta CONFEBASKi 1.000.000 eurotik gora ematea kontzeptu ezberdinetan.

Proposamenean argi eta garbi ikus daiteke korrespontsabilitatea eta kontziliazioa emakumeon gauza dela, ez baita inolako proposamenik aurkezten.
Jaurlaritzak abiatu berri du kontratu partzialetan egiten den iruzurra azalarazteko kanpaina, baina iruzur nagusia borondatezko kontratuak direla diote. Horren aurrean, ez dugu neurri bat bera ere aurkitu emakumeok lanaldi osoko kontratuak aukera berdintasunean eskuratzeko.

Zerbitzu publikoetan bizi izan ditugun murrizketei buelta emateko inolako asmorik ez da aurreikusten. Beraz, gastu sozialean geroz eta diru gutxiago gastatzen da, pertsonon bizi-baldintzetan duen eragina kontutan hartu gabe.

Beraz, egin dugun azterketaren ostean argi eta garbi ikus daiteke egun Urkulluk aurkezten digun aurrekontu proposamenak ez duela jasotzen baliabide ekonomiko nahikorik bizi dugun egoareri aurre egiteko, ezta nahikoa bitarteko tekniko ere berdintasun politika integralak osatzeko.

30 urte inguru pasatu dira EAEeko aurrekontuetan berdintasun politikak proposatzen hasi zirenetik, eta politika publiko hauen bilakaera positiboa eta hainbat lorpen eta hobekuntza lortu izana zalantzan jarri gabe, berea egin dute eta ez dira nahikoak aurrerapausuak emateko.

Gezurretan ari dira, badago zer egin, badago dirua hori egiteko. Baina nahiago dute diru publikoa (denon dirua) politika neoliberalak gauzatzeko erabili (gutxiengoaren mesedetan).

Egungo erronkak ez dira orain 30, 20 edo eta 10 urteko berberak, ezta beharrizanak ere. Berdintasun politikak sakonean aztertzeko momentua da. Neur daitezela emaitzak, erakuts diezazkigutela orain arteko bideak emakumeen errealitatean benetan izan dituen ondorioak. Guk argi dugu: berdintasun politikak deitu direnak gainditzeko eta emakumeen egoera iraultzeko gaitasuna izango duten politikak egiten hasteko garaia da. Politika feministak egiteko garaia da:

1. 1.200 euroko oinarrizko soldata, 1.080 eurotik beherako pentsiorik ez, DSBEren murrizketetan atzera egitea eta %7a igotzea, 35 ordutako lanaldia ezartzea, eta enplegu publiko berria sortzea. Hauek dira LABen eskakizunak langileen egoera aldatzeko, neurri hauek emakumeengana iristeko politika berezituak egin behar dira, politika feministak, hain zuzen ere.

2. Zaintza lana aitortzea, ekonomikoki baloratzea eta eskubide iturri bihurtzea. Hori da emakumeon egoera irauliko lukeen neurria. Helburu hau duen bidea jarri behar da martxan instituzioak, sindikatuak eta mugimendu feministaren eskutik.

3. Biolentzia matxistaren kontrako lege berria egitea erabaki du Legebiltzarrak. Ez dadila soilik Emakunderen esku geratu, mugimendu feministaren protagonismoa derrigorrezkoa izanik, sindikalgintzaren, gazteriaren eta hezkuntza komunitatearen parte hartzea edukiko duen prozesuaren emaitza izan dadila.

4. Emakumeen egoera iraultzea bide luze baten emaitza izango da. Politikak aldatzea eskatzen duen bidea, politika berriak egitea ekarriko duena. Teknikarien lana funtsezkoa izango da. Teknikari kopurua nabarmen handitu behar da, eremu eta organismo guztietan daudela ziurtatuz eta premien arabera antolatuz.

Badago zer aldatu eta badakigu zelan egin, baliabideak, bitartekoak eta konpromiso politikoa dira falta dena.
 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu