LAB SINDIKATUA

2017/06/27 :: 22:51

Última actualización:2017/06/27 :: 10:56

IDIOMA
Estas aquí: Euskal Herria #ABIAN da

Euskal Herria #ABIAN da

Partekatu albistea





Ezker Abertzaleko 300 bat kidek ABIAN prozesua aurkezteko agerraldia eskaini dugu gaur Donostian. ABIAN prozesuarekin Zutik Euskal Herria eztabaidatik hona aurreratutakoak neurtuz, ezinak aztertuz eta hanka sartzeetatik ikasiz egungo Ezker Abertzaleko belaunaldi militanteok ziklo berri honen bigarren urratsari ekingo diogu. Helburua Euskal Estatua. 

Gaurtik hasiko den eta urtarrila bitarte iraungo duen lehenengo fasean gure kidegori emango diegu hitza, hausnarketarako espazioak gaituz eta idatzizko ekarpenak jasoz. Bigarren fasean, urtarriletik aurrera eztabaida prozesuari emango diogu bide, Ezker Abertzalearen proiektuarekin bat egiten duen herritar orori zabalik egongo diren Herri eta auzoetako batzarretan. Honekin batera eztabaida prozesua errepresaliatu politikoak dauden kartzela guztietara eta munduan zehar sakabanatuta dagoen erbesteratuen komunitateari heltzeko ahalegin berezia egingo dugu.

Herritarrak ardatz izango dituen proiektu politikoa eraikitzea da gure helburua, gutxi batzuen interesek gehiengoaren beharrak galaraziko ez dituena. Feminismoa, euskalduntzea, sozialismoa eta independentzia bezalako hitzak proiektu erreal eta eraginkor bilakatzea dugu xede eta ABIAN prozesuarekin guzti hori gauzagarri egitera goaz.

LABetik gure militantziari dei egiten diogu ABIAN prozesuan partehartze aktiboa izan dezan, Euskal herritarrekin batera inposizio eta zapalkuntzekin hautsiz, gaurdanik justizia sozialaren, femininismoaren eta euskararen gainean eraikiko den Euskal Estatua eraikitzeko bidean. 

b_345_115_16777215_0___materiala_argazkiak_euskalHerria_ezkerAbertzalea_abian_15_11_07Prentsaurrekoa_abian.pngEUSKAL HERRIA ZUTIK ETA ABIAN
Ezker Abertzalea


Badira bost urte Ezker Abertzaleak Zutik Euskal Herria bere egin zuela. Ezker Abertzalearen estrategia aldaketa handia izan zen. Historiako beste bi unerekin soilik parekatu daitekeen neurriko erabakia izan zen: frankismoaren erabateko zabalkuntzari aurre egiteko izan zen susperraldia eta frankismoaren ondoren haustura demokratikoaren alde erreforma egonkortzea galarazteko hartutakoa. Zutik Euskal Herriak, beraz, aldaketa sakona ekarri zuen. Ordura arte egindako urratsak eta borroka kapitalizatu, ordura arte egindako akatsak zuzentzeko hausnarketa egin eta ziklo berri bat irekitzeko apustuari ekin genion. Oinarri sendoak jarri genituen, askapen nazional eta sozilerako prozesuaren berme bakarra Euskal Herria eta euskal herritarren borondate demokratikoa -inongo kanpo esku hartzerik onartu gabe- izango zirela ebatzita.

Bost urte hauetan gertakari asko jazo dira. Ebatzitako hausnarketa hura abiapuntu hartuta joan gara bidea egiten, batzuetan asmatuz eta bestetan ez, baina zalantzarik gabe esan dezakegu Euskal Herriko egoera politikoari izugarrizko astinaldia ematea lortu dugula eta irabazle den estrategia baten jabe garela. Ziklo bat isteko hautua egin eta ziklo berria ireki zuen Ezker Abertzalearen erabakiak. Herritar orok onura gisa bizi izan duen ziklo berri baten hasiera, ezker independentismoaren babesaren hazkunde nabarmena ekarri duena, bidelagun berrien arteko topalekuak sorrarazi dituena eta gure apustuari sinesgarritasuna eman diona.

Euskal herritarren artean sorturiko ilusioa eta grina ordea ez dira aski izan, besteak beste, Estatuen ukazioari aurre egiteko. Ez dute agertoki politiko normalizaturik nahi eta ez dute egiten utzi nahi, herri gisa ditugun erronka, apustu eta ilusioak geldiarazteko modua ikusi dute, gatazkaren ondorioetan trabatzea. Estatuek beldur diote proiektu politikoen norgehiagoka libre eta demokratikoari. Estatu frantziarrak Ezker Abertzaleak Ipar EHren instituzionalizazioan eszenatoki berriak sortzeko daukan gaitasunari beldur dio. Estatu espainolak, bere aldetik, eta 78an zehaztu ziren estatuaren oinarriak auzitan dauden une honetan, ikara dio Ezker Abertzalearen indar askatzaileari. Horregatik Euskal Herria nazio gisa ukatzen dute; horregatik ez digute autodeterminazio eskubidea onartzen. Horregatik ez digute gure etorkizuna erabakitzen utzi nahi. Eta hori oztopatzeko gatazkaren ondorioei kateatuta nahi gaituzte.

Bakeak, independentziak bezala, espetxean jarraitzen du. Konponbidearen eta herri honek izan ditzakeen proiektu politikoen aurka baliatzeko bahitu politiko gisa dituzte presoak, arrazoi berberagatik bahitu dute gatazkaren konponbidea eta bahitu dituzte gatazkaren ondorioak. Euskal Herrian irekitako agertokiaren aurrean errepresioarekin soilik erantzun dute, gatazka politikoa errepresioaren logikatik irakurtzen jarraitzen dute eta errepresioaren gurpilean lotu nahi gaituzte, errepresio-erantzun gurpilean ito nahi gaituzte.

Ezker Abertzalea ordea ez da joko horretan eroriko, ez gara gurpil horretan trabatuko, aurrera begiratzeko tenorea da; anbizioz. Independentziari eta berton bizi garen emakume eta gizon ororen eskubide sozialak bermatuko dituen Euskal Estatuaren eraikuntzari ateak parez pare irekitzeko abagunea da.

Honainoko bideak honaino ekarri gaitu, ez gehiago eta ez gutxiago baina lortzeke duguna asko da, ia dena. Ezker Abertzaleak bere historian zerbait erakutsi badu, askapen nazional eta sozialren prozesua egoera eta garai politikora berregokitu eta berrasmatzeko gaitasuna izan da. Eta orain ere, etorkizunari begira jarriz eta aurrean dugun erronkari determinazioz erantzunez Ezker Abertzaleak barne hausnarketari ekingo dio, arnas luzeko birdefinizio eta eraberritze estrategikoa izango den ABIAN prozesuari ekingo dio, Euskal Estatua helburu.

Nagusi den egoera goitik behera aldatzea da Ezker Abertzaleak hasieratik izan duen erronka. Hau da, herritarrak ardatz izango dituen proiektu politikoa eraikitzea, gutxi batzuen interesek ez ditzaten gehiengoaren beharrak galarazi. Feminismoa, euskalduntzea, sozialismoa eta independentzia bezalako hitzak proiektu erreal eta eraginkor bilakatzea dugu xede.

Eta ABIAN prozesuarekin guzti hori gauzagarri egingo dugu, Zutik Euskal Herria eztabaidatik hona aurreratutakoak neurtuz, ezinak aztertuz eta hanka sartzeetatik ikasiz egungo belaunaldi militanteok ziklo berri honen bigarren urratsari ekingo diogu.

Asko da azken urteetan lortutakoa, baina korapilo lodiak ditugu askatzeke, erronka handiak lortzeke eta gugan dugu horiek lortzeko konpromiso zintzoena. Asmatu behar dugu independentzia egunero eraikitzen E egunaren esperoan gelditu gabe eta bide horretan preso eta iheslariak etxera ekartzeko adinako indarrak metatzen. Euskal Herria zutik eta abian behar dugulako, Ezker Abertzalea zutik eta abian behar dugulako.

Aldatu gara gu, eta aldatu da ingurua ere. Gaur Ezker Abertzalearen hausnarketa prozesu baten berri ematen ari bagara ere, badakigu ongi jakin ere guk egin nahi dugun bidean beste indar eta sektore batzuk beharrezkoak direla. «Enbor beretik sortuko dira besteak» esan izan dugu maiz eta hori ere egun horrela da, jakin badakigun arren aurrera begirakoan enbor askotatik etorriko diren indarrak metatuz eraikiko dugula Euskal Herri berria.

Guztia dugu irabazteko, independentziaren zikloaren atarian gaude eta ez gara inoren zain egongo. Euskal herritarrekin batera inposizio eta zapalkuntzekin hautsiz, gaurdanik justizia sozialaren, femininismoaren eta euskararen gainean eraikiko den Euskal Estatua eraikitzeko hautua egin dugu. Gatazka politikoaren ondorioak gainditzearen ezinbestekoan berresten gara, euskal preso eta iheslari politiko guztiak etxean izan arte borrokan jarraituko dugularik. Eta badakigu guzti horretarako biderik eraginkorrena, Euskal Herriko sektore herritarrekin batera burujabetza prozesu ahalik eta indartsuena garatzea dela, bada, etorkizunera begira jarriz, bidea nola egin hausnartu eta martxan jartzera goaz.

Abian jartzeko ordua iritsi zaigu, Ezker Abertzaleko oinarri militantea eta kidetza soziala osatzen dugun guztiok eztabaidatzera eta erabakiak kolektibo gisa hartzera goaz. Gaur abian jartzen dugu prozesua integrala izango da, estrategikoa eta parte-hartzean oinarritua.

Lehenengo fase batean, gaurtik hasita eta urtarrila bitartean, gure kidegoari entzun egingo diogu, hausnarketarako espazioak gaituko ditugu, idatzizko ekarpenak bilduko ditugu.

Bigarren fase batean, urtarriletik aurrera, eztabaida prozesuari emango diogu bide, Ezker Abertzalearen proiektuarekin bat egiten duen herritar orori zabalik egongo diren Herri eta auzoetako batzarretan. Halaber, ahalegin berezia egingo dugu hausnarketa eta eztabaida prozesu hau errepresaliatu politikoak dauden kartzela guztietara eta munduan zehar sakabanatuta dagoen erbesteratuen komunitateari. Ez gaitu inork geldituko irabazteko existitzen den lanabesik eraginkorrena baitugu, milaka euskal herritarren konpromisoa.
 


b_180_60_16777215_0___materiala_argazkiak_euskalHerria_ezkerAbertzalea_abian_15_11_07Prentsaurrekoa_abian.png


EUSKAL HERRIA ZUTIK ETA ABIAN Euskaraz - Gazteleraz


Prentsaurrekoan egondakoen zerrenda