LAB SINDIKATUA


2018/10/19 :: 2:30

Última actualización:2018/10/20 :: 12:48

IDIOMA
Estas aquí: FEDERACIONES SERVICIOS PÚBLICOS Gobierno Vasco Euskal Enplegu Publikoaren Legearen proiektua atzera botatzea eskatu dugu Parlamentuan

Euskal Enplegu Publikoaren Legearen proiektua atzera botatzea eskatu dugu Parlamentuan

Email Imprimir PDF
Partekatu albistea

Atzo LABeko Zerbitzu Publikoetako Federazioaren ordezkaritza bat Gasteizko Parlamentuan izan zen Jaurlaritzak prestatu duen Euskal Enplegu Publikoaren Legearen proiektuaren inguruan dituen iritziak eta proposamenak azaltzeko. Bertan, arrazoiak azaldu aurretik eta ondoren, proiektu hori bertan behera uzteko eta herritarrek eta langile publikook behar dugun Euskal Lege baten negoziazioa berriz hasteko eskatu genuen.

Proiektuaren zioen azalpenean jasota dagoen bezala, Jaurlaritzaren proposamena orain arteko legeen, dekretuen eta jurisprudentzia berrien bilduma bat da, Estatuan diseinatutako EPOE-EBEP delakoaren ildo beretik doana. LABek adierazi duen bezala, nabarmena da Enplegu Publikoaren lege berri baten beharra, baina bestelako edukiez gain diseinua bera ere ezberdina behar du, kanpotik ezarritako muga eta inposiziorik gabekoa, eta benetan parte-hartzailea.

Edukiaren inguruan, Jaurlaritzak "modernitatez" jantzi nahi duena kalitatezko sektore publikoa eraisteko neurri atzerakoienak dira. Horrela:

• Zuzendaritza profesionala delakoak agintekeria eta kontrol ideologiko handiagoa ezarriko luke egituretan.
• Lanbide karrerarako eta ordainsari sistemarako proposamenek langileen indibidualismoa eta elkar-lehia ekarriko luke, non eta langileen arteko kolaborazioak egundoko garrantzia duen zerbitzu publikoetan.
• Aukera berdintasuna, are gehiago emakumeena promoziorako, urratuago geldituko litzateke.
• Lanpostuak hornitzeko garaian enpresa pribatuen malgutasun basatia zabaldu nahi du sektore publiko osora, bide batez pribatizazioari ateak are gehiago zabalduz.
• Urte hauetako guztietako euskalduntze planek kale egin dutela garbi gelditu denean, akats berdinean sakontzen da, aurrera begirako bidea baino, atzera begirakoa hartu da.
• Negoziazio Kolektiboaren eskubidea ukatuta jarraituko luke. Jaurlaritzak oso garbi utzi du proiektuaren lanketan zein Mahai Orokorrean zein begirune eskasa dion langileriaren parte hartzeari.
 
Gauzak horrela, LABek XXI. mendeko euskal jendartearen eta langile publikoen beharrak asetzeko Enplegu Publikoaren Euskal Lege berria planteatzen du:

• Zerbitzu publikoak sendotzeko eta bermatzeko helburuarekiko koherentea.
• Negoziazio kolektiborako eskubidea errespetatu eta garatuko duena.
• Langileen parte hartzea, horizontaltasuna, demokratizazioa eta talde lana sustatuko duena.
• Barne promoziorako eta motibaziorako aukerak sustatuko dituena.
• Zerbitzu publikoak euskaraz funtzionatzea bultzatuko duena.
• Aukera berdintasuna bermatuko duena.
• Kudeaketa merkantilista eta pribatizatzailearen ordez zerbitzu publikoen kudeaketa komunitarioa sustatuko duena, alegia, zerbitzu publikoen gaineko kudeaketa publikoa baina ez soilik Administrazioarena baizik eta langileon eta herritarren parte hartzea eta kontrolaren filosofia eta praktika sustatuko duena.
 
Laburbilduz, lege proiektu atzerakoi honi ez, baina bestelako lege propio aurrerakoi bat definitzeari bai. Jar gaitezen mahai baten bueltan, LABek badu bere eredua, beste batzuena entzun eta beste batzuekin adostasunetarako heltzeko prestutasuna ere badu, baina has gaitezen hasieratik; alde bakarreko inposizioaren bidea alde batera utzita, has gaitezen lege honen eraginaren pean gauden eragileok nork bere eredua azaltzetik eta hortik aurrera adostasunak eraiki ditzagun. 
 


 
 



No hay comentarios


Para hacer comentarios debes estar registrado.¿Todavía no tiene una cuenta? Regístrate

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.