LAB SINDIKATUA


2018/11/15 :: 15:54

Última actualización:2018/11/15 :: 13:47

IDIOMA
Estas aquí: FEDERACIONES SERVICIOS PRIVADOS Ostalaritza Igor Arroyo: "Ezin da hitzarmenak babesteko sasi jarrera bat izan hemen eta hitzarmenen negoziazioa debekatu Madrilen”

Igor Arroyo: "Ezin da hitzarmenak babesteko sasi jarrera bat izan hemen eta hitzarmenen negoziazioa debekatu Madrilen”

Email Imprimir PDF
Partekatu albistea



LABek eta ELAk agerraldi bat egin dugu astelehenean CCOOek, UGTk eta CEOE patronalak Ostalaritza Sektorearen Esparru Akordioa inpugnatzeko hartutako erabakiaren inguruan. Akordio hori LABek eta ELAk sinatu genuen Ostalaritzaren Federazioarekin eta Confebaskekin, bi helbururekin: lehentasuna emateko euskal hitzarmenei estatu hitzarmenen aurretik, nabarmen hobeak direlako; eta EAEko Kolektibitateetako langileei euskal hitzarmen probintzialak aplikatzeko, eta ez Sukaldaritzaren Estatu Hitzarmena, soldatetan %50eko murrizketa ekarriko bailuke horrek (urtean 8.200 euro gutxiago eta 50 lanordu gehiago). Bada, CCOOek, UGTk eta patronalak euskal akordioa inpugnatu dute Madrilen, indargabetzeko asmoz.

LABen izenean, sindikatuko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok hartu du hitza agerraldian, eta nabarmendu du Ostalaritza Sektorearen Esparru Akordioa ordezkaritza sindikalaren %77,48ko babesarekin adostu zutela. Bere hitzetan, bi helburu dituzte inpugnazioa bultzatu dutenek: Espainiako lan baldintzak bertan aplikatzea, hau da, lan baldintzak kaxkartzea, prekarizazioaren aldeko apustu garbia eginez; eta bertako langileei eta hauen ordezkariak diren sindikatuei bertan negoziatzeko aukera kentzea, hau da, Euskal Herriko langileak gure lan baldintzak erabakitzeko ahalmena bertan behara uztea.

Arroyoren arabera, “CCOO eta UGTren jarrera lotsagarria da. EAE mailako akordio interprofesionala sinatu zuten bertako lan hitzarmenak estatu mailakoekiko lehentasuna izateko, baina beraiek dira horren kontrako neurriak hartzen dituztenak Madrilen, Euskal Herriko langileen lan baldintzak okertzea baino ez duen helburua lortzeko. Hau hipokresia hutsa da, ezin da hitzarmenak babesteko sasi jarrera bat izan Euskal Herrian eta hitzarmenen negoziazioa debekatzea Madrilen”.

Espainiako patronalari dagokionez, LABeko ordezkariak argi du Euskal Herriko langileen lan baldintzak okertu nahi dituela. Ildo honetan, Confesbaskentzat ere izan ditu hitzak: “Confebask Madriletik inpugnatu nahi duten akordio honen sinatzailea ere bada, eta, beraz, bertako ostalaritzako hitzarmenak babestearen aldeko jarrera eduki zuen sinatzerakoan. Ondorioz, Madriletik patronalak akordioa inpugnatzeko erabakia publikoki salatzeko exigitzen diegu. Berdina eskatzen diogu ostalaritza elkarteari”.

Bestalde, Arroyok adierazi du Jaurlaritzak ez duela ezer esan langileen lan baldintzak okertzea ekarri dezakeen erabakiaz. “Seguru hainbeste babestu duen Confebasken adierazpenen zain dagoela, zer jarrera hartu behar duen erabakitzeko. Confebaskek ezartzen du EAJ-PNVren ildo politikoa lan harremanei dagokionez. Espainako lan erreforma errefusatu, bai, baino gero erreforma aplikatzen dutenei babesa ematen die EAJk. Soldaten igoeraz hitz egin, bai, baino gero prekarizatzen dutenekin argazkiak behin eta berriz ateratzen ditu EAJk”, salatu du.

Ondorioz, lan harremanetarako esparru propioaren bidean urratsak eman behar direla berretsi du: “Burujabetza behar dugu lan harremanak defendatzeko, lan duina bermatzeko”.
 
 

No hay comentarios


Para hacer comentarios debes estar registrado.¿Todavía no tiene una cuenta? Regístrate

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.