2024-04-18
Blog

Salatu dugu 2023an billabesetan eginiko aparteko orduek 16 lanpostu ezabatu zituztela

LABek Iruñerriko hiri garraioan duen atal sindikalak —herritarrek ‘billabesak’ deitzen dituztenak eta egun TCC enpresak kudeatzen duena— ohar batean azaltdu eta salatu du 2023an eginiko aparteko eta osagarrizko orduen batura 27.608 ordukoa izan zela; kopuru eskandalagarria guztiz, lanaldi osoko 16 lanpostu ezabatzen baititu, eta hori lanaren bidezko banaketaren aurkakoa da erabat.

Billabesetako gidariek 2023an egin zituzten aparteko orduen eta ordu osagarrien datuak izugarriak dira. Urte horretan 25.176,45 aparteko ordu izan ziren; horrek esan nahi du 102 langilek gainditu zutela legeak ezartzen duen gehienezko aparteko 80 orduak, eta beste 39 langilek 2.431,5 ordu egin zituztela beren kontratuetan ezarritakotik kanpo. Horrek guztiak ezegonkortasun handia eragiten die langileei, bai lanari dagokionez, bai kontziliazioari dagokionez ere.

Hartara, 2023an egindako aparteko orduen eta ordu osagarrien batura 27.608 ordukoa da; zifra eskandalagarria, lanaldi osoko 16 lanpostu kentzearen parekoa baita. 30.600 langabe dituen komunitate batean, lotsagarria da TCCk familia askoren egonkortasunarekin eta sostenguarekin jolasten jarraitzea.

Solidaritate eskaseko jarrerak dira, eta berekoiak; lotsagorrituta egon beharko lukete jokabide horiek erakusten dituztenek, bultzatzen dituztenek eta beste aldera begiratzen dutenek. Ildo horretan, ez dugu ahaztu behar Iruñerriko Mankomunitateak TCC enpresak adinako erantzukizuna duela, ez baitu zerbitzua behar bezala zaintzen, eta, gainera, plantilla eta erabiltzaileak prekarizatu egiten dituelako. Mankomunitateak beste alde batera begiratzeari utzi eta praktika hori geldiarazi egin beharko luke; horrekin batera, langileentzako eta zerbitzurako baldintza hobeak eskatu beharko lituzke.

TCCko enpresarien interes bakarra da ahalik eta mozkin eta dibidendu handienak lortzea. Hori guztia lortu nahi dute lan-baldintzen bizkar, zerga-onuren bidez, estatuaren gastuetan duen partaidetza txikia oinarri hartuta, eta abar.

Agerian dago aparteko orduak egiteari uztea lortzen ez badugu, langabeziari eta lan-baldintzen prekarizazioari lagunduko diogula, eta langileen arteko elkartasun falta areagotu egingo dela.

LABek beti egin du enplegua sustatzearen eta aberastasuna banatzearen alde, orain eta orain arte egin dituen hitzarmen-negoziazio guztietan. Garrantzitsuena da enplegu betearen kontzeptua defendatzea eta langabeziaren zifrak jaistea, berdintasun-mekanismoen eta lanaren banaketaren bidez; gai horiek talka egiten dute aparteko orduak egiteak eragiten dituen ondorioekin eta filosofiarekin.

Horregatik guztiagatik, argi utzi nahi dugu LAB sindikatua aparteko orduak egitearen aurka dagoela erabat, eta lana behar bezala banatzearen alde. Urteak daramatzagu praktika hori salatzen, eta horrela jarraituko dugu ordu estrak eta osagarriak iraganeko kontua izatea erdietsi arte. Horrela, 2015ean, oncenak eta udako opor egunak betetzeko kontratazioak handitzea lortu genuen. Hori lorpen bat izan zen, baina asko dugu egiteko, izan ere, egungo kontratazioen eredua lortu nahi dugunetik oso urrun baitago oraindik. Eta hortxe dugu, hain zuzen ere, gure borrokaren helburuetako bat: langile guztientzat ahalik eta lan-baldintza onuragarrienak dituzten lanaldi osoko kontratuak lortzea.

Amazon eta Alpha North Logistics enpresekin borrokan

Amazon enpresak Trapagaranen duen lan zentroan dauden langileek beste greba ziklo bat hasi dute lan-baldintzak duintzeko. Urtebetetik gora daramate enpresarekin prekarietate gordinetik ateratzeko Hitzarmena negoziatu nahian. Baina multinazionalak jarrera entzungorra izaten jarraitzen du eta negoziazio mahaia hasieratik blokeatu du. Aldarrikapenen artean, Amazonek bere salgaien garraiorako dauzkan enpresa azpikontratatutakoen langileen lan-baldintzak egonkortzea eta enplegua bermatzea dago.

Horrek, hain zuzen ere, ekarri gaitu gaur Oiartzunen mobilizatzera eta bide mozketa aurrera eramatera. Gipuzkoan, Amazonek, azpikontratatutako enpresekin egiten du lan. Langile horien lan-baldintzak txarrak eta ezegonkorrak dira eta ez dute ekintza sindikalik egiteko aukerarik. Izan ere, langile horiek ekintza sindikala aktibatzen hasiz gero, egun batetik bestera kale gorrian uzten ditu AEBko multinazionalak. Horren adibide dira azken bi urteetan zehar Oiartzunen zeuden bi enpresetan, Kullawa Logistics eta Smart Delivery Routers enpresetan, gertatutakoa. Bigarren kasuan, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak pasa den abenduan kaleratu zuen epaiaren arabera, enpresak ez zuen arrazoirik langile
guzti horiek kaleratzeko eta, hori gutxi ez, bertan ari ziren langileak legez kontrako lagapenean ari ziren lanean.

Langile guzti horien zaurgarritasun larria zein den ikusirik, eta LAB Sindikatuak Oiartzungo lan zentroan ordezkaritza duen neurrian, gaurko mobilizazio ekimen hau LABek berak bere gain hartu eta burutzea erabaki du lan-baldintzak hobetu ahal izateko borrokatzeko aukerarik ez duten horien izenean.

Ekimen honen bidez hurrengo mezuak helarazi nahi dizkiogu Amazoni:
1.- Trapagarango zentroko hitzarmena jarrera onez negoziatzen hasi dadila.
2.- Azpikontratetako langileen lan-baldintzak duindu eta, subrogazioaren bidez, egonkortu ditzala.
3.- Banatzaileak Garraiolariak dira; ez mezulariak. Beraz, Gipuzkoako Salgaien garraioko Hitzarmen Kolektiboa aplikatu dezala.
4.- Amazon enpresak Lan Zentroko hitzarmena blokeatzen jarraitzen badu, LAB sindikatuak bere paketeen garraioa blokeatzen jarraituko du.

Politika publikoak eraldatu eta hemen erabakitzeko aldarria atera dugu kalera

Euskal Herriko zerbitzu publikoen egoera onartezina dela eta, Bilbon mobilizatu gara gaur, azken hilabeteotan eginiko grebei eta borrokari segida emanez.

Eliptika plazatik abiatu eta Arriaga plazaraino joan gara manifestazioan, zerbitzu publikoetan diharduten langileekin nahiz hainbat herritar erabiltzailerekin batera. Udazkenean abiatu genuen borrokaldia beste sindikatuekin bat eginda, eta bitarte horretan hiru greba egun eta hainbat mobilizazio egin izan ditugu EAEn, Greba Feminista Orokorraz gain. Bada, aldarrikapenen funtsak bere horretan dirauela eta, gaurkoan ere kalera ateratzeko hautua egin dugu LABen.

Sindikatuko koordinatzaile orokor Igor Arroyok gogorarazi du aipaturiko grebak dietu zirenean Eusko Jaurlaritzako arduradunak deialdia indargabetzen saiatu zirela, mobilizazioetarako arrazoi nahikorik ez omen zegoela argudiatuta. Aldiz, oraingo hauteskunde kanpainan gai nagusietakoa da Osakidetzako eta, oro har, zerbitzu publikoetako egoera. Orain alderdi politiko guztiek adierazten dute euren kezka, EAJ eta PSE barne.

Bada, horren aurrean, Arroyok bi gauza eskatu dizkie hautagaiei: batetik, aitortzea langile publikoek nahiz zerbitzu publikoak ematen dituzten gainerako langileek arrazoiak sobera dituztela mobilizatzeko, eta bestetik, dagozkien erantzukizun politikoei behingoz heldu diezaietela. Izan ere, pribatizazio eta murrizketa politikek eragin dute zerbitzu publikoen gainbehera.

Hala, hurrengo legegintzaldia mugarri izan behar da, eta orain arteko politika pribatizatzaileak alboratu eta zerbitzu publikoak indartzeko apustu estrategikoa egin beharra dago.

Bada, apustu horrek hiru ardatz izan behar ditu: lehena, zerbitzuen antolaketari eta lan baldintzei dagokienez Euskal Herrian erabakitzea, inposaketarik gabe; bigarrena, zerbitzu publiko indartsuak izatea eta pribatizatuta dauden eremuak (zaintza, kasurako), publifikatzea; azkenik, langile publikoekin eta zerbitzu publikoak ematen dituzten azpikontratatutako langileekin elkarrizketa eta akordioak bilatzea, aldebakartasuna alboratuta.

Euskal Herrian badira baldintzak gure zerbitzu publikoak eta bertako langileon baldintzak guk geuk erabakitzeko, eta horren alde gogor borrokatu beharra dago, eredu neoliberalari aurre egin eta politika publikoak eraldatzeko.

Jarraipen handia izaten ari da kaleratutako langileen berronartzearen eta borroka sindikalaren alde Imegar S.A.n deitu dugun greba

Laudioko enpresaren zuzendaritzak LABeko delegatu bat kaleratu zuen apirilaren 2an eta beste langile bat 11an, 2 kaleratu 9 egunetan. Langileek greba hasi dute, apirilaren 12an eta 15ean kontzentrazioak egin ondoren, langile bien berronartzearen eta borroka sindikalaren alde. Imegar S.A.ko zuzendaritzak ateratako komunikatuari dagokionez, zenbait kontu argitzeko eta bere jarrera argi uzteko beharra ikusten dugu.

Delegatuaren kaleratzea zehapen-espediente bat ireki ziotelako izan zen. Zehapen-espediente batek hainbat motatako faltak ekar ditzake, adibidez, enplegu- eta soldata-zehapenak, edo kaleratzea. Alegazioak egin daitezke edo ez, baina behin eta berriz egin dira bilerak kaleratzearen aurretik, eta hauetan zuzendaritzak behartu egin nahi izan du delegatua.

Beste langilearen kasuan, ez da aldez aurreko espedienterik egon, zuzeneko kaleratze bat baino ez.

Batzarrean emandako informazioa enpresaren onurei lotutako akordio ekonomiko bati buruzkoa izan zen. Eta ez da izan beste langile soil batena, enpresako gerentearena baizik. Ez da inoiz bere datu pertsonalei buruz hitz egin, eta ez da informazioa zabaldu Imegarreko lan-esparruaz eta langileez haratago. Gainera, informazioa soilik ahoz eman zen.

Dokumentu hori ez zaio inoiz enpresari eskatu. Izan ere, zuzendaritzak ez du inoiz informaziorik eman horrelako akordioak daudela edo onurei lotutako akordioak daudela jakinarazteko. Aldiz, behin baino gehiagotan eskatu dugu dokumentazio ekonomikoa, gardentasuna egongo balitz zuzendaritzak entregatu zezakeena.

Irabazien banaketaren informazioa gainerako langileengana heldu denean hartu ditu enpresak neurri hauek, LAB ordezkariak egindako lan sindikalaren aurreko errepresalia direnak, honek garrantzi sindikaleko informazioa lankideekin partekatzea baino egin ez duenean.

Halaber, enpresan zenbat eta gardentasun eta informazio gehiago izan, orduan eta fede on handiagoa izango dute bi aldeek.

Azkenik, kaleratzeak guztiz neurrigabeak direla uste dugu, eta enpresari eskatzen diogu gatazka hau amaitzea nahi badu, langileak berriz onartzeko. Prest gaude enpresarekin hitz egiteko, baina ez dira gurekin harremanetan jarri .

Egoera horren aurrean, greba abiarazi zuten atzo Imegar S.A.ko langileek, lankideak berriz onar ditzaten. Erantzun zabala izan zuen. Gaur osteguna, kontzentrazioa egin dute langileek Laudioko Herriko plazan eta bihar ostirala, apirilaren 19an, manifestazioa egingo dute Laudioko lantokitik hasita, 12:30ean.

Oso positiboki baloratzen ditugu baraualdiko hiru egunak eta gaurko greba eguna, eta seriotasuna eskatzen diogu Gizardatzi

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok prest gaude egiten dugun lan publikoaren aitortzaren alde borrokatzeko. Orain arte eginiko baraua eta gaurko greba adibide garbiak dira. Bada, Gizardatzi eta Geroani seriotasuna eskatzen diegu.

Joan den martxoaren 27an proposamen berri bat aurkeztu genien langileei. Akordio-proposamen bat, negoziazioan hitzarmena sinatzeko aukera zabaltzen duena. Argitara emateaz gain, proposamena Gizardatzeko Zuzendaritza Batzordera eta negoziazio-taldera bidali genuen, baita Gizardatz eta Geroan osatzen duten erakunde guztien zuzendaritzetara ere, hitzez hitzeko mezu honekin batera:

“- Hitzarmena sinatzeko negoziazioaren gaur egungo zailtasuna ikusita, eta erantzukizun-ariketa bat egiteko asmoz, langileei aurkeztu diegun proposamen berria helarazi nahi dizuegu. Proposamen hori Gizardatzeko negoziazio-taldeari ere helarazi diogu.

– Proposamenak gaur arte eztabaidan egon diren puntuak eta gaiak jasotzen ditu, eta LABekin eta ESKrekin egin daitekeen akordioaren edukiei buruz alde guztiei segurtasuna emango dien gaia izateko asmoa du.

– Zuen erakundeari interpelazio zuzena egiten diogu proposamen horren irakurketa arduratsua egin dadin eta Bizkaiko Gizarte Esku-hartzearen Hitzarmena sinatzeko topagunea izan dadin. “

Zoritxarrez, 21 egunez eskuetan izan ondoren, Gizardatzek eta Geroanek ez dute proposamenaren edukiei eta irekitzen diren akordiorako benetako aukerei buruzko baloraziorik egin. Seriotasuna eta negoziatzeko borondatea eskatzen ditugu: Gizardatz, Geroan, ez blokeatu Esku-hartze Sozialeko Hitzarmena.

Lan Harremanen Kontseiluan erregistratu dugu proposamena, duela 21 egun eskuetan duten eta erantzuteari uko egiten dioten berbera. Bitartean, administrazio publikoetako kudeatzaileek, EAJk eta PSOEk, zerbitzu horien benetako arduradunek, mitinak ematen eta Atheticeko jokalariei harrera egiten jarduten dute egun hauetan.

Hala ere, beste alde batera begiratzen dute Esku-hartze sozialekoko 4.000 langile baino gehiagoren egoeraren aurrean.

LABek eta ESK-k Gizarte Interbentzioko langile guztiak zoriontzen ditugu egiten ari diren borrokagatik, eta iragartzen dugu Gizardatz eta Geroanen elkarrizketarako borondaterik ezaren aurrean mobilizazio eta greba gehiago deituko ditugula.

Nafarroako Zahar Egoitzetan greba deitu dugu apirilaren 24an

Negoziazioaren paralisia ez da inola ere onargarria eta, horregatik, LABetik sektoreko langileekin batera mobilizatu gara, behingoz Nafarroako zahar egoitzen lehen hitzarmen sektoriala desblokeatzeko. Horrek guztiak LAB sindikatuak negoziazioaren hasieratik hartu duen ildoan jarraitzen du, duela ia 4 urte, baina, bereziki ekainetik, LAB sindikatuak negoziazioan efektu kolpe bat eman zuenetik, negoziazioa berpiztea lortuz. Negoziazio horrek bizirik dirau, LAB mobilizatu delako.

Zahar Egoitzen sektoreko langileak hainbat ekintza egiten ari dira inplikatutako alderdien immobilismoa sinbolizatzeko. Horretarako, errepide mozketa batzuk egin ditugu gizarteari duela 4 urtetik hona bizi dugun egoera ikusarazteko.

Gaurko ekintzarekin argi utzi nahi dugu langilea prest dagoela Nafarroako patronalarekin eta gobernuarekin hitz egiteko eta biltzeko, Nafarroako zahar egoitzen lehen hitzarmena gauzatzeko. Ezin dugu sufritzen jarraitu jasaten ari garen lan-baldintzak, pandemian hain agerikoak izan zirenak, non jardunaldi amaigabe batzuk, ezinezko familia-adiskidetzeak, soldata prekarioak, abusuzko gaixotasunengatiko bajen klausulak, lan ankerren erritmoak eta aipa litezkeen beste asko begi-bistan geratu baitziren.

Horregatik guztiagatik, argi utzi nahi dugu mobilizatzen jarraituko dugula, ez dugu utziko patronalik aberasten gure kontura, ez diogu inori utziko zainketa-zerbitzuen propagandarik egiten, ez gu ez gure adinekoak ez baikara ez negozio bat, ez hauteskunde-kanpaina bat. Nazkatuta gaude batzuek eta besteek gure ahaleginarekin jolasten dutelako. Nahikoa da!

Ikusirik negoziazio-mahaia ez dela berriro aktibatu, apirilaren 24an greba-egun batera deitzen dugu, eta bertan beste ekintza sinboliko bat egingo dugu entzierroaren ibilbidean, langileok eta gure adinekoek jasaten dugun harrapaketa ikusaraziz.

Ernaik gazte blokea osatuko du Maiatzaren Leheneko Iruñeko manifestazioan

Ernai gazte antolakundeak gazteentzat bizi baldintza duinak aldarrikatuko ditu Maiatzaren Lehenean, eta bat egingo du LABek deitu duen mobilizazio nazionalarekin. 11:00etan Trinitarios plazatik abiatuko den gazte blokean parte hartzera dei egin diete gazteei. Gazteen mobilizazioak Sarasate pasealekuan egingo du bat LABen manifestazioarekin.

Bizitza duinen udaberriaren alde gazteek lehen lerroa hartuko dutela aldarrikatu du gaur Ernaik. Bizitzaren eta kapitalaren arteko talka “geroz eta bortitzagoa” dela ohartarazi dute, eta “zibilizazio krisi bat” bizi dugula, zeina modu berezituan pairatzen baitute gazteek. Emantzipatzeko ezintasuna, osasun mentala eta gaixotasun psikosozialen hazkudea aipatu dituzte egoeraren adierazletzat.

Gazteek “egoera iraultzeko determinazio osoa” dutela adierazi du Ernaik: “Neoliberalismo zisheteropatriarkalak ez du krisia ez den beste eskaintzarik guretzat. Sistema hau ez da sostengagarria, eta guk ez dugu sostengatuko”. Sistema “basati” horren aurrean alternatiba “integrala” mahaigaineratzearen beharra azpimarratu du gazte antolakundeak, eta horretarako bidea zein den ere azaldu du. “Pertsona zapaldurik biziko ez den Euskal Herria eraikitzea da egoera hau iraultzeko bide bakarra; hau da, Euskal Herria sozialista eta feminista”.

Envases Metalurgicos de Álava enpresan bi langile kaleratu dituzte azken 6 hilabeteetan

Pasa den martxoaren 27an egin zuen Laudioko enpresak azken kaleratzea.

Enpresak bi kaleratzeetan argudio berdina erabili izan du, aurretiaz aitortu dielarik langileei kaleratzea bidegabea zela eta, horrela, epaiketan lortu zitekeena aurretiaz aitortuz, hori frogatu behar izan gabe.

LABen irakurketa oso argia egiten dugu kaleratze hauen aurrean: enpresak dirua jartzen du aurretik, kaleratzeak justifikatu behar ez izateko. Horrela, edozein langile kaleratua izan daiteke. Honen aurrean, mobilizazioaren bidez enpresari kaleratze politika honekin amaitzeko eskatzen diogu, bi lankide gutxiago daudelako gaur egun.

Enpresak kaleratze dinamika honekin jarraitzea oso arriskutsua dela uste dugu. Horregatik, aurreko apirilaren 2an, asteartean, asanblada egin genuen eta bertan langileek kaleratzeen aurrean euren desadostasuna agerian utzi zuten. Hala, ekintza desberdinak martxan jarriko ditugu.

Sinadura bilketa bat martxan jarri da kaleratutako azken langilearen berronartzea eskatzeko eta kaleratze hauekin amaitzeko. Kontzentrazio deialdi bat ere egin da enpresaren aurrean apirilaren 23rako, 13:30etik 14:00etara arte.

Kontzentrazioa Bizkaiko Grafikagintza sektoreko patronalaren aurrean

Apirilaren 29an eta 30ean eta maiatzaren 22an eta 23an greba deitu dugun LAB-ELA-CCOO-UGT sindikatuok CEBEKi eskatu diogu datorren osteguneko bileran sindikatuen plataforma bateratuari erantzun positiboa emateko.

Negoziazio Mahaiak 12 bilera egin zituen 2023tik 2024ra. Ondoren, Negoziazio Mahaian ordezkaritza dugun sindikatuok (LAB, ELA, CCOO, UGT) lau greba egun deitu genituen Bizkaiko Grafikagintzaren sektore osorako, hitzarmen duin bat adosteko helburuarekin. Greba egunak hauek izango dira:

  • Apirilak 29 eta 30
  • Maiatzak 22 eta 23

Apirilean zehar mobilizazioak egitea adostu dugu 4 sindikatuok, gatazka gizarteratzeko eta grebaren lehen egunak berotzeko. Atzo, apirilak 15, langileek kontzentrazioak egin zituzten euren enpresetan. Gaur, elkarretaratzea egin dugu patronalaren aurrean, Bilbon. Bertan, CEBEKi eskatu diogu Negoziazio Mahaiaren hurrengo bileran, apirilaren 18an, 4 sindikatuon plataforma bateratuan planteatutako 10 puntuei erantzun positiboa emateko.

Azkenik, datorren astean sektoreko enpresen aktibazioak jarraituko du, lantokietan asanbladak eginez, eta datorren apirilaren 22an mobilizazio bat egingo dugu sektoreko erreferentziazko enpresa batean.