2024-04-25
Blog

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Hautagaietako batek helegitea aurkeztu zuen, udaltzain gisa lanean 30 urte daramatzala euskaraz jakin gabe eta orain eskatzea baldintza “baztertzailea” dela argudiatuta. Donostiako epaitegiak arrazoia eman dio hautagai horri, eta Eibarko Udalari pertsona horren merituak kontuan hartzeko agindu dio, prozesuan euskararen ezagutza eskatzea “baztertzailea” dela argudiatuz.

Beste behin, epaitegi batek funtzio publikoa betetzeko deialdietan euskara eskakizuna ezartzea bazterkeriarekin lotzen du, baina ez ditu auzitan jartzen deialdi horietan bertan ezartzen diren gainontzeko eskakizunak, tartean gaztelera ezagutu beharreko derrigorrezko eskakizuna. Euskara eskatzea baztertzailea da, baina antza gaztelera ezagutzea ez. Horrek argi adierazten du auzitegi espainiarrentzat euskara bigarren mailako hizkuntza dela, gaztelerarekiko subalternoa, asko jota meritu gisa kontsideratzen dute. LAB sindikatuak irmoki salatzen du bereizkeria hori eta exijitzen du euskarari gutxienez gazteleraren maila bera aitortzea.

Oraingoan euskara-eskakizuna baztertzeko arrazoia 45 urtetik gorako plazadunek duten hizkuntza-eskakizunaren salbuespena behin-behinekoei ere ezarri behar zaiela izan da, bi kolektiboen artean diskriminaziorik ez egoteko helburua argudiatuta. Baina auziaren baldintzengatik argudio horrek balio ez duenean, hizkuntza-eskakizunen ehunekoa gehiegizkoa zela adierazi da, edo, zuzenean, hizkuntza-eskakizunak berak auzitan jarri dira. Unean uneko epaileak argudio bat ala beste erabiltzen ari da, beti ere euskara eskatzea “bazterkeriarekin” lotuz eta honen aurka eginez.

Administrazioetako langileen gehiegizko behin-behinekotasun egoerarekin amaitzeko egonkortze-prozesua euskararen kaltetan ezin dela izan salatzen dugu. Kasu honetan bezala, urte askoan luzatu eta euskara baztertzen zuen behin-behinekotasunarekin amaitzeak ezin dezake eragin euskararen bazterketa egonkortzea.

Beste behin salatu beharra dugu ere administrazioko arduradunek ez dutela beraien erantzukizuna betetzen euskara administrazioan behingoz normalizatu dadin. Eta ez soilik zerbitzu-hizkuntza izan dadin, baita ohiko lan-hizkuntza bilaka dadin ere. Izan ere, hori horrela izatea herritarren eta administrazioko langileen eskubidea da.

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.

Munduan milaka langile hiltzen dira egunero, bai istripuz eta baita laneko gaitzen eraginez ere. Euskal Herria ez da salbuespena, eta gurean urtero errepikatzen dira datu beldurgarriak eta Nafarroa da, adibidez, Espainiako Estatuan istripu tasa altuena duen bigarren herrialdea, Baleareen atzetik.

Euskal Herrian azken urteetan etengabe errepikatu da patroi bera istripuetan: milaka lan istripu arin zein larri aitortzen dituzte datu ofizialek, goranzko joera batekin gainera. Heriotza kopuruan ere ez dago etenik, eta 70 hildakoen muga gertu dugu urteak joan eta urteak etorri.

Istripuen datu ezkutaezin horiek sistemaren beraren iruzurra agerian uzten dute; izan ere, lehen instantzian mutualitateen esku dagoen laneko gaitzen aitortzea guztiz testimoniala da. Adibide gisara, urtero, batez beste, ez da dozena bat laneko minbizi aitortzen.

Milaka lan istripu (zehazki, 2023an 100.000tik gora) aitortzen ditu administrazioak, prebentzio sistemaren porrotaren erakusle. Aitortuak dira ezin direlako ezkutatu. Aldiz, laneko gaitzak ez ditu aitortzen, eta, sistematikoki, gehiengo zabala Osasunbidera eta Osakidetzara bideratuak dira. Sistemak berak laneko gaitz asko eragiten ditu, eta, era berean, istripuak ere eragiten ditu. Aldiz, mutualitateen bidez, hala aitortuak izan ez daitezen lortzen dute. Horra hor beren amarrua.

Aurten ere datu beldurgarriak gailentzen ari dira: Euskal Herri osoa aintzat hartuta, 2024an dagoeneko 21 hildako daramatzagu soilik lan istripuetan.

Prebentzio sistemak porrot egin du patronalak araudia bete gabe 30 urte daramatzalako. Prebentzio araudia da gutxien betetzen den araudia. Hori hala izan dadin gakoa da administrazioak eta gobernuek, patronalarekiko erakusten duten konplizitatea eta bitartekorik ez jartzea arauak bete daitezen bermatzeko. Horrela soilik uler dezakegu EAEn 50 inspektore baino ez egotea eta Nafarroan 12 besterik ez

Aldiz, Nafarroako eta EAEko gobernuek NOPLOI eta Osalan bezalako egiturei eskaintzen diete lan osasunaren inplantazioaren ardura, zeintzuk, gogora dezagun, aholkularitza entitateak baitira. Horrela bermatzen dute patronalaren inpunitatea, soilik aholkatuaz, isunak jartzea ekidinez.

EAEn berriki hauteskundeak izan diren honetan, Urkullu jaunari agur esan diogu. 2012ko abenduan kargua hartu zuenetik 444 langile hil dira istripuz. Legegintzaldi berriari begira, eremu honetan ere, aldaketa beharrezkoa da. Ikuskari kopurua handitu eta ikuskaritzak areagotu behar dira. Legea betetzen ez duten enpresei isunak ezarri behar zaizkie. Arriskuak biderkatzen dituen lan baldintzen prekarietateari aurre egin behar zaio. Prebentzio legea betetzen ez duen Patronalari ardurak exijitu behar zaizkio.

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT Nafarroa sindikatuok osatzen dugun frontetik borrokan jarraituko dugu lan osasuna berma dadin, behingoz patronalak dagokiona bete dezan eta etxera bizirik eta osasuntsu itzultzeko eskubidea dugulako.

Gaur, hegoaldeko lau hiriburuetan mobilizazioak eta ekintzak egin ditugu:

  • Iruñean: Laneko mugikortasun istripuen inguruan
  • Donostian: Sektore feminizatuek eta zaintza lanetan diharduten langileek bereziki pairatzen dituzten arrisku psikosozialen inguruan, erakunde publikoek lan horiek pribatizatzeko eta prekarizatzeko hartutako erabakiaren ondorioz.
  • Bilbon: Mutualitateek egiten duten iruzur erraldoia salatzeko, Mutualia jopuntuan jarriz
  • Gasteiz: Altueretako erorketetan patronalak duen ardura agerian uzteko

Horrela, etengabe, ezaren gudaz baietza sortuz, patronalak aurrean izango gaitu eta langileon babesleku izaten jarraituko dugu.

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.

Pedagogia Terapeutikoko profesionalak maisu-maistren kidegokoak dira. Hauen eginkizun nagusia da behar diren tresnak eskaintzea eta egokitzea hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei, integratzen laguntzeko. Horregatik, langile horiek, Lehen Hezkuntzan ez ezik, Bigarren Hezkuntzan ere aritu daitezke, eta baita Lanbide Heziketan ere.

Hor sortzen da arazoa: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara atxikitako PTek %5,45eko soldata-osagarria jasotzen dute beren lana “definizioz” dagokiena ez den beste etapa batean egiten dutelako, baina Lanbide Heziketara atxikita daudenek ez dute jasotzen. Gertakari horien berri izan ondoren, LABek Arartekoarengana jo zuen, afiliatu baten bitartez.

Indarrean dagoen araudia aztertu ondoren, Arartekoak onartu egin du LABen eskaera, eta Gimeno kontseilariak zuzentzen duen Departamentuari gomendatu dio “beharrezko neurriak har ditzala, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzupeko langileen gaineko neurriei buruzko abenduaren 3ko 16/2004 Foru Legearen 9.2 artikuluan aurreikusitako osagarria, aldi baterako edo behin betiko egoeran, Lanbide Heziketako oinarrizko zikloetan lan egiten dutenei ere aplika dakien”. Beraz, orain, Hezkuntza Departamentuak bi hilabete ditu ebazpen hau onartzen duen ala ez jakinarazteko, eta, erantzuna baiezkoa izatekotan, horren inguruan hartuko dituen neurriak adierazteko.

LABen argi daukagu konparaziozko bidegabekeria berri baten aurrean gaudela, eta horrek desberdintasunak sortzen dituela Lehen Hezkuntzatik kanpo lan egiten duten Pedagogia Terapeutikoko profesionalen artean. Hori dela eta, Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu ahalik eta lasterren onar dezala Arartekoaren gomendioa, eta eman diezaiola betiko bukaera lehen mailako PTak eta bigarren mailako PTak eragin dituen desberdintasun honi; izan ere, lan bera eginez soldata desberdina jasotzen baitute. Era berean, Hezkuntza Departamentuak sortu duen bidegabekeria ekonomikoa atzeraeraginez konpon dezala ere esijitzen dugu. Orduan, eta orduan bakarrik, utziko dugu alde batera egun irekita dugun bide judiziala.

Pepsico Etxabarrin ituna berritzeko aurreakordioa #LortuDugu

Arabako lan zentroan 180 pertsona inguruk lan egiten dute, eta KPIaren araberako igoerak izango dituzte.

Gaur, 2024ko apirilaren 25ean, Etxabarri-Ibiñako lantegiko lan-baldintzak berritzeko akordioa sinatu da. Itun horrek 3 urteko iraupena izango du, 2023tik 2025era, eta atzerapauso bakar bat ere ez edukitzeaz gain, hobekuntza hauek izango ditu:

  • KPIaren igoerak itunaren urteetarako.
  • Dekretu bidez egungoa baino lanaldi laburragoa arautzen bada, lanaldi hori gure zentruan aplikatzeko klausula ezartzen du.
  • Ordaindutako baimenak hobetzea, osaba-izebenak barne hartuta
  • Hobekuntza ekonomikoak aldi baterako ezintasunean
  • Administraziorako kategoria-igoerak hobetzea

Hori guztia ezinezkoa izango zen langileek 2023ko udan egindako mobilizazio-dinamikarik gabe. Enpresak oso gogoan izan ditu egun horietako aldarrikapenak, eta KPIa ezin izan da inoiz zalantzan jarri. Bai greba-egun haietan, bai orain negoziazioan, LAB sindikatuaren jarduna erabakigarria izan da, proposamenak eta negoziazio-dinamikak gidatuz. Ordezkaritza handiena duen sindikatua izanik, 9 kideko batzorde bateko 3 ordezkarirekin, arduraz jokatu dugu dagokigun papera. Horren ondorioz, enpresa-ituna berritu behar da, plantillaren erosteko ahalmena bermatuz.

PEPSICOren batzordeak beti jakin izan du modu kohesionatuan funtzionatzen, eta batasuna mantentzen saiatu da, berme bakar gisa, enpresako baldintzak hobetzeko. Eta hori posible izan da batzorde oso zatikatu batean, non LABeko 3 ordezkariez gain, beste 6ak 4 sindikaturen eta Independenteen plataforma baten artean banatzen diren. Zoritxarrez, oraingoan ELAko ordezkariak batasun hori haustea erabaki du, aurreakordioa sinatu ez duen ordezkari bakarra izanik. Beste behin ere, ikusten dugu interes partikularrak eta korporatibismoak, bai ordezkariarenak bai sindikatuarenak, langileen interes orokorraren gainetik daudela. Ezin da bestela definitu akordiotik aldentzeko modua, mahaia negoziaziotik altxatzen ari zenean eta ahopeka egindako komentario baten bidez. Argudioa zera izan da: duela aste batzuk adostuta geratu ziren puntuen aurka egotea, berak ere onartu zituenak, eta negoziazio-mahaian ados ez egotea adierazi gabe . Beste behin ere, EZ-a EZ-aren truke, proposamenik gabe. Zergatik ez zenuten argi eta garbi jakinarazi ez zeundetela ados negoziazio-mahaian? Aldez aurretik erabaki ote zuten ez sinatzea eta aitzakia gisa erabili dute?

Orain, langileen batzarrari aurkeztu behar zaio aurreakordio hori, berau berresteko. LABetik klase batasunaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu, patronalari eta enpresei eskubideak kentzeko tresnarik onena baita. Apaltasunez, eta erantzukizunez.

Denbora agortzen ari da eta Eusko Jaurlaritzak ez du konpromisorik hartzen

Datorren apirilaren 26an, ezustekorik ezean, Stellantis multinazionalak Mecaner enpresaren itxiera aurrera eramateko aurkeztu duen enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultaldia amaituko da. Kontsulta-aldi honetan izandako bileretan, Enpresa Batzordearen gehiengoak argudiatu du multinazionalak hartutako erabakia ez dela arrazoi ekonomikoengatik, ez eta ekoizpen- edo antolaketa-arrazoiengatik ere, baizik eta erabaki estrategiko batengatik, eta produkzio-alternatibak planteatzen zituen trantsizio ekosozialeko plan bat jarri du mahai gainean.

Zoritxarrez, Batzordearen ahalegin guztiek enpresaren zurruntasunarekin egin dute topo, bere jarrera ez baita aldatu. Egoera horren aurrean, gaur Batzordeak beste bilera bat egin berri Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin, Mecanerren etorkizunaren gainean lanean jarraitzeko konpromisoak lortzeko. Tamalez, berriz ere konpromisorik ez hartzea izan da instituzio horren jarrera.Bileran zehar, Batzordearen gehiengoak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio bilera bat egiteko hiru alderdiekin (enpresa, Eusko Jaurlaritza eta batzordea), lurren eta makinen etorkizunari buruz hitz egiteko. Jaurlaritzaren erantzuna, bileran izandako jarrera prepotentearen erakusgarri, izan da ez duela solaskiderik behar enpresarekin hitz egiteko, eta bera arduratuko dela horretaz. Ezezko erantzuna eman dio, halaber, Mecanerri etorkizun industriala ematen saiatzeko batzorde bat osatzeko borondateari buruzko galderari. Ezezkoa eman dio, halaber, Stellantisek alde egin ostean Mecaner enpresari etorkizun industriala ematen saiatzeko batzordeak, tokiko eta eskualdeko erakundeek eta Eusko Jaurlaritzak osatutako lan-mahai bat osatzeko eskaerari.

Desde la mayoría del Comité no entendemos la actitud de cerrazón del Gobierno Vasco. Si no se actúa de manera inmediata una nueva industria acabará cerrando en Euskal Herria. Ez da onargarria enpresa itxi eta mahai gainean alternatibak jartzearen aurrean bere konpromiso bakarra prozesuan “laguntzea” izatea.

Argi daukagu, Stellantisekin edo gabe, enpresak etorkizuna duela, eta horregatik jarraituko dugu lanean. Zalantzarik gabe, bide hori askoz errazagoa izango litzateke Eusko Jaurlaritza gurekin balego.

Entzierro bat antzeztu dugu Iruñean Nafarroako zahar egoitza pribatuen hitzarmenaren negoziazioen blokeoa salatzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek eta zahar egoitzetako langileek entzierro bat antzeztu dugu gaur goizean Iruñeko karriketan barna, protesta-ekintza gisa, Nafarroako zahar etxe pribatuen lehen hitzarmenaren negoziazioek etengabeko blokeoa jasaten dutelako. Helburu berarekin, gaurko bertze greba egun bat deitua genuen.

Apirilean, LAB sindikatutik hainbat ekintza egin ditugu patronalak eta Nafarroako Gobernua interpelatzeko eta negoziazioak desblokea ditzaten eskatzeko. Lehena hilaren 10ean izan zen, non sindikatuko kideek eta zahar etxeetako langileek errepide bat moztu baikenuen Iruñeko arteria nagusietako batean, gizarteak, oro har, langile horien egoera ikus zezan. Bigarrena hilaren 17an izan zen, eta sindikatuak Gobernuari eta patronalei egindako gonbita irudikatu genuen: langileekin mahai baten bueltan eseri, kafea hartu eta benetako negoziazio prozesua hastekoa.

Gaur, apirilak 24, LABek bertze greba egun bat deitu du Nafarroako zahar egoitza pribatuetan. Eta protesta egun horren barnean, ekintza sinboliko bat egin dugu: zezentxoen entzierro bat, Iruñeko karriken ohiko ibilbidean barna. Ekintza deigarri horren helburua zen agerian uztea sektore honek bizi duen babesgabetasuna eta gure nagusiak zaintzen dituzten langileek duten baliabide falta agerian. Beren onura bakarrik bilatzen duten enpresek kudeatzen dituzte zahar etxeak, eta hori lortzen dute langileen ahaleginari esker, eta ez dute batere begiramendurik izaten zaintzaileen eta zaindutako pertsonen ongizatearekin.

Eta Nafarroako Gobernua, antza denez, oso eroso dago kudeaketa hori enpresa pribatuen eta funts putreen eskuetan delegatzen. Gobernua ez da sektoreko langileez arduratzen, eta diru irabazi asmoa baino ez duten enpresen esku uzten ditu, eta horrek langileen lan-baldintzak are gehiago prekarizatzea dakar.

LABek ez dio mobilizatzeari utziko mahai gainea lau urte daramatzan hitzarmen hau errealitate bihurtu arte; abusuzko klausularik, kontziliazio ezinezkorik edo gehiegizko lanaldirik jasotzen ez duen hitzarmena lortu arte.

ZF LEMFORDER TVAn kaleratzerik ez dugu onartuko

LABetik Ermuko ZF LEMFORDER TVA enpresako langile gazte baten kaleratzea salatzen dugu. Enpresak langileari deitu zion antzinatasunagatik hurrengo errelebo kontratua izatea tokatzen zitzaionean, baina, ordea, enpresak jakinarazi zion egun hori zela enpresan lan egingo zuen azken eguna.

LABetik salatzen dugu enpresa horrek akordioak eta lan baldintzak arautzen dituen hitzarmena ez duela betetzen. Kasu honetan, are okerragoa da, langile bat kaleratu baitute errelebo kontratuaren aplikazioari buruz adostutakoa bete gabe.

Zuzendaritzak enpresa bateko langileei egin diezaiokeen eraso larrienaren aurrean, enpresa batzordeak eta plantillak egindako asanbladaren ondoren greba deitu dute apirilaren 29an eta 30ean eta maiatzaren 2an.

Era berean, greba hasi arte, egunero kontzentrazioak egiten ari dira apirilaren 22tik 26ra, 13:30etik 14:30era, instalazioen kanpoaldean, langilea berriz bueltatzeko helburuarekin.

Babestu egin dugu oraindik aitortua ez zuten Osasunbideko osasun langileentzako Lanbide Karreraren ezartzea, baina osasun arlokoak ez diren langileei zabaltzea eskatzen dugu

Gaur eguerdian Iruñean egin den Osasunbideko mahai sektorialean, LAB sindikatuko kideok aldeko botoa eman diogu C eta D mailetako osasun langileentzako Lanbide Karreraren lege proiektuari. Lege proiektu hau LABek bere garaian Osasun Departamentuarekin lortu zuen akordioaren gauzatzea da, eta neurri garrantzitsua da horren onura jasoko duten 3.000 pertsona baino gehiagorendako. Hala ere, bidegabetzat jotzen dugu osasun arlokoak ez diren langileak kanpoan gelditu izana; beraz, borrokan jarraituko du Osasunbideko langile guzti-guztien lan baldintzak erabat duindu arte.

Gaur lorturikoa zerbait historikoa da, mugarria Osasunbidean, profesional horien lana aitortzen baitu eta osasun publikoaren kalitatean laguntzen baitu, zerbitzuen helburuetan prestakuntza eta parte-hartze erreala bermatuz. Neurriak hiru mila profesional sanitariori baino gehiagori eginen die mesede, eta horrek eginiko lanarekin harro sentiarazten gaitu. Baina, aldi berean, indar handiagoa ematen digu osasun arlokoak ez diren langile guztientzako lanbide karrerako proiektu baten aldeko borrokan jarraitzeko, modu bidegabean lehen akordio honetatik kanpo gelditu baitira; Osasunbideko 2.000 langile inguru dira horiek, gainontzeko langileekin batera eskuz esku lan egiten dutenak.

Diseinuari dagokionez, lanbide karrera desberdina lortzeak aukera ematen die osasun arloko langile guztiei beren lanbide-konpetentzietan garatzeko; karrera profesional horrek, lehendik dauden fakultatiboen eta diplomatuen karrerek nabarmen baldintzaturik egon arren, funtsezko hobekuntzak dakartza, eta hobekuntza horiek Espainiako Estatuko onenen artean kokatzen dute Osasunbidekoa, zerbitzuen kalitatea hobetzeko baldintzei eta proiekzioari dagokienez.

Hilabeteetako lan, analisi eta negoziazioaren ondoren, LABen ez dugu zalantzarik karrera profesionalaren legea gauzatuko dela eta Funtzio Publikoaren eta Nafarroako Gobernuaren oniritzia izanen duela. Duela urtebete, bertze batzuei ezinezkoa iruditzen zitzaien bidea irekitzeko gai izan zen LAB eta, mobilizazioaren eta langile guztien inplikazioaren bidez, bide hori aurrera eramateko gai ere izan ginen. LABen badakigu zein diren gure proiektua gauzatzeko tresnak eta modua, eta ziur gaude horrelako neurriak direla foru administrazioa osatzen duten gainontzeko langileen karrera profesionalaren garapenaren hasiera.

Akordioa lortzen lagundu duten pertsona guztiak zoriontzeko unea da oraingoa, aurrera begiratzekoa eta hasitako bidean aurrera egitekoa, aintzatespen horretatik kanpo gelditu diren Osasunbideko langileak inoiz ahaztu gabe. LABez gain, UGT, USAE eta AFAPNA sindikatuek ere sostengua eman diote gaur lanbide karrerako lege proiektuari.

Osakidetzak ez du Euskara Plana betetzen eta iluntasunez jokatzen du konpromisorik eza ezkutatzeko

Osakidetzak urteak daramatza bere pasibotasunarekin EAEko osasun sistema publikoa benetan euskalduntzea eragozten. Propaganda engainagarriaz harago, eta bertako langileek beren zereginak euskaraz egin ahal izateko euskalduntze prozesua eragozteaz gain, ez du bermatzen erabiltzaile euskaldunek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea.

Ardura falta hori nabarmen geratzen ari da III. Euskara Planaren ezarpenean, plan horretan jasotako epeak ere ez baitira betetzen. Argi dago Osakidetzako aginte-egiturak eskakizun horri izkin egiten diola, eta badirudi erantzukizuneko lanpostuek salbuespena dutela hizkuntza-gaitasunari dagokionez.

Ildo horretan, argi ikusten da zuzendaritzen eta zuzendariordetzen konpromisorik eza. Izan ere, hauei ez zaie hizkuntza-trebakuntzari loturiko ezer eskatzen, honako artikulu hauetan irakur daitekeen bezala:

1.2 Buruzagitza- eta ardura-lanpostuei derrigortasun-data ezartzea:

Euskara-planean 1. lehentasuna duten zerbitzuetan,

derrigortasun–data jarri behar zaie buru- eta arduradun-lanpostu guztiei, eta, 2. lehentasuna duten zerbitzuetan, soilik jarri behar zaie zerbitzuaren gutxieneko daten portzentajea % 50 edo gehiago bada. Esleipen horietatik kanpo geratzen dira zuzendarien, zuzendariordeen eta zuzendariondokoen lanpostuak.

Hori gutxi balitz, gainerako jarduketetarako epeak agortu egin dira, eta horretarako konpromisoa hartua bazegoen ere, ez dira aurrera eraman.

Hala, egoera honakoa da: herritarren hizkuntza-eskubideekin konprometitutako plantillaren zati handi batek euskara ikasteko ahalegina egiten duen bitartean, Osakidetzako zuzendaritzak ez ditu bere gain hartzen erantzukizunak eta ez da betetzen ari euskara-planak ezartzen duena.

Horrez gain, ildo horri jarraikiz erantzukizuneko lanpostuetan hartu behar ziren neurriei buruzko informazioa eskatzen duenean LABek, Osakidetzako zuzendaritzak, informazioa ez helarazteaz gain, Euskara Batzorde Korporatibora bidereatzen du sindikatua. Bada, batzorde hori ez da bildu 2023-06-19az geroztik, eta ez dago aurreikusita epe laburrean berriro elkartzea.

Osakidetzako egungo zuzendaritzak ez dauka euskararekiko inolako konpromisorik, eta arloz arlo aztertuz gero hala egiazta daiteke. Aplikazio informatikoek ez dute informazio bera jasotzen euskaraz eta gaztelaniaz, langile euskaldunak desabantaila-egoera nabarmenean uzten dituztelarik. Era berean, euskararekiko pasibotasun eta konpromiso falta horren ondorioz, UGT bezalako indar sindikalak diskurtso euskarofoboa lantzen ari dira, eta nahiz eta gutxiengo batek jarraitu, badirudi zuzendaritzak berak ereindako joko-zelai aparta dutela horretarako.

Horregatik guztiagatik, LABek Osakidetzari eskatzen dio euskara-plana bete dezala eta gardentasunez egin dezala, gaur-gaurkoz planaren helburuarekiko konpromisorik ez dagoela erakusten duen informazioa ezkutatu gabe. Bestalde, langileen hizkuntza-prestakuntza eta -trebakuntzari aurre egiteko behar diren diru-partidak handitu ditzan ere eskatzen dio sindikatuak.